Oriok bat egin du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileetan medikamentuen erabilera hobetzeko Osasun Sailaren programarekin

2022-03-30

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Orioko Udalaren eta Gipuzkoako Sendaigileen Elkartearen arteko baterako ekimena da; gaur goizean lankidetza-akordio bat sinatu dute udalerrian.

 

Orio (Gipuzkoa), 2022ko martxoaren 30a.- Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak, Anuska Esnal Orioko alkateak eta Arantxa Garcia Peinado, Gipuzkoako Sendaigileen Elkarteko presidenteordeak, gaur goizean, akordio bat sinatu dute Udalean, eta, haren bidez, Gipuzkoako udalerriak bat egiten du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin.

 

Gipuzkoan, dagoeneko, 38 udalerrik parte hartzen dute programan, eta, lurraldean, 267 botika egiaztatu ditu (botika guztien % 93).  EAEn 147 udalerrik eta 368 botikak parte hartzen dute programan, eta programa horren onuradunak, 1.100 paziente inguru.

 

Nabarmentzekoa da programa mota horrek nolako garrantzia duen paziente eta senitartekoen onurarako tratamendu farmakologikoaren segurtasuna eta eraginkortasuna ziurtatzeko, kontuan hartuta kalkulatzen denez gaixotasun kronikoak dituzten nagusien % 50ek eta % 60k bitartean ez dutela tratamendua behar bezala betetzen.

 

Hori dela eta, gaur Orioren atxikipena izan duen programaren helburu nagusia da medikamentura jotzeko aukerarako bide ematea eta tratamendua egoki betetzen dela bermatzea. Gainera, botikek etxez etxeko laguntzailearen eta/edo zaintzailearen lanarekin jardungo dute elkarlanean medikamentuak erosteko, kontserbatzeko eta banatzeko alderdi guztietan.

 

Funtzionamendua

 

Udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak erabiltzaile parte-hartzaileak hautatzen ditu, eta haiek, programara sartu aurretik, baimena eman behar dute.  Ondoren, erabiltzaileak botika hautatzen du eta elkarrizketa bat egiten diote, hartzen duen eta dituen osasun-arazoei buruzko informazio guztia jasotzen duen fitxa bat prestatzeko. Hamabostean edo astean behin, botikariak medikazioa prestatu eta ematen dio, dosifikazio pertsonalizatuetan.

 

Programak tresna gisa dosifikazio-sistema pertsonalizatu batzuk erabiltzen ditu, eta, haietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen konprimatuak jasotzen dira, dosiak behar bezala hartzeko beharrezkoa den informazioarekin batera.

 

147 udalerri eta 718 botika egiaztatu EAEn

 

Gipuzkoan, Oriok bat egin duela kontuan hartuta, dagoeneko 38 udalerri ari dira parte hartzen programan, eta 267 botika egiaztatu daude lurraldean (botika guztien % 93); haietatik, 132k 400 gipuzkoarrentzako medikazioa prestatzen dute. Programa honen aurrekontua 2022. urterako, Gipuzkoako lurraldean, 159.075 €-koa da.

 

EAEn, 147 udalerrik hartzen dute parte programa horretan, eta 718 botika daude horretarako egiaztatuta eta, haietatik, 329k pazienteak dituzte. Gaur egun, etxez etxeko laguntza-zerbitzuetako 1.100 erabiltzaile baino gehiago dira medikazioaren erabilera hobetzeko programaren onuradun; programak 443.390 €-ko aurrekontua du, guztira, 2022rako.