Oniritzia eman diote hiri jasangarriak sortzen lagunduko duten proiektu berritzaileetarako aginduari (Gobernu Bilera 2022-11-29)

fotoconsejo.jpg

2022-11-29

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur hiri jasangarriak sortzen lagunduko duten ideia eta proiektu berritzaileak garatzeko (BAI+D+i programa) dirulaguntzak emateko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren aginduari. Laguntza hauek 815.000 euroko aurrekontua dute: 215.000 euro 2022rako, 300.000 euro 2023rako eta 300.000 euro 2024rako. 

Laguntza-programa hau Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agendaren eta Euskadiko 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren parte da, eta hiri-garapen osasungarri eta jasangarrirako proiektuekin berrikuntza bultzatzea du helburu, smart city izenekoak sustatzeko soluzioekin. Enpresei eta profesionalei zuzenduta dago, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei ere. Ideiak ezarri ahal izango dira auzo kalteberetan gauzatzen ari diren hiri-berroneratze integralerako proiektuetan, berrikuntzaren ikuspegitik ekiteko ingurumenaren, gizartearen, demografiaren, ekonomiaren, kulturaren eta osasunaren arloko erronkei. 

Laguntzek hirietako mugikortasun berrirako eta energia berriztagarriak hiri-inguruneetan integratzeko linea berria dute –car sharing moduko mugikortasun-eredu berriak, energia berriztagarriak, hiriko sistemen automatizazioa eta digitalizazioa, biki digitalak, etab.–. Bigarren linea bat hiriko azpiegitura berdearekin eta birnaturalizazioarekin lotuta dago, berdeguneei jarraipena emateko, uraren zikloa kudeatzeko eta hirietako biodibertsitateari eta ekosistemei laguntzeko. Eta aginduan jasotako hirugarren multzoaren ardatza hiriak eraikitzeko ekonomia zirkularra eta arkitektura jasangarria dira, eta baliabide naturalak leheneratzean, ekonomia zirkularrean, hondakinak kudeatzean, berrerabilpenean, prozesu industrializatuak sustatzean eta beste hainbat arlotan berrituko duten proiektuetarako laguntzak daude.