MATERek eta 4 administrazio euskaldunek itsasoa zaintzeko norabidean dihardute

Itsaso-bizia-1.jpg

2022-12-15

  • Itsasoa etxetik ezagutzeko eta zaintzeko baliabide didaktikoak
  • Euskadiko ikastetxe guztietan egongo dira

ITSASO BIZIA horrela du izena MATERek, Pasaiako Ontzi Museo Ekoaktiboak, zuzentzen duen proiektuak, 9 eta 12 urte bitarteko haurrak ahalduntzeko helburuarekin. Hauek beren etxeetara ohitura jasangarri berriak eraman ditzaten eta helduei lagundu ahal izan diezaieten gure naturarekiko arduratsuagoak diren bizimoduetarako trantsizio honetan.

“Itsasoa bizitzaren sorlekua da eta hura zainduz gure ondorengoei utzi ahal izango diegun oparirik onena eskainiko diegu: itxaropenez betetako etorkizuna.” adierazten du Izaskun Suberbiola ontzi-museoko zuzendariak.

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak Euskadin duen tokiko eta gertuko erreferentzialtasunean oinarritzen da proiektua, eta euskara hutsezko materialak aurkezten ditu. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek eskuratu ahal izango dituzte, 4 euskal administrazioen lankidetzari esker.

Alde batetik, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiek Pello Añorga idazleak eta Jokin Mitxelena ilustratzaileak sortutako bi album ilustratuen diseinua finantzatzen dute. “MATER Itsasontzia”, euskal itsas kulturan zentraturik, itsasontziaren historia deskribatzen duen aparteko lan bat da: Euskal Herrian eraikitako azken zurezko atunontzi handia, zeinaren azken kanpaina Prestige-ren txapapotea biltzearena izan zen, azkenean desegitetik salbatuz itsasoaren zaintzaren sinbolo bilakatzeko; “MATER Zetazeoak”, era berean, itsasoa zaintzeko hasitako bide berri honetako abenturetako bat kontatzen du, zetazeoen edertasuna miretsi nahian, itsasoko zaborrek eta mikroplastikoek itsasoan duten ingurumen-arazoa azalduz.

IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren laguntzari esker, bi obra hauek ekoitzi dira eta 2023ko urtarrilean autonomia-erkidegoko ikastetxe guztietan banatuko dira.

Bestalde, bi albumetan landutako gaiak sakontzeko baliabideak eskaini nahian, Bizkaiko Foru Aldundiak aukera eman du MATEReko hezitzaileen talde profesionalak garatutako bi unitate didaktiko sortzeko. Unitate horiek online eskuratu ahal izango dira datorren urtearen hasieran, bai ontzi-museoaren webgunean, bai Bizkaiko Foru Aldundiarenean ere.

Proiektua aurrestreinaldian erakutsi da Durangoko Azokan, eta orain ofizialki MATER itsasontzian bertan aurkeztu da, administrazio laguntzaile guztien eta egileen ordezkaritzarekin.

Izaskun Suberbiola MATEReko zuzendariak adierazi duenez, “itsasoak gure espeziearentzat beharrezkoak diren bizi-baldintzak eskaintzen dizkigu, zaindu eta babestu egin behar dugu, eta laguntza guztiak baliagarriak dira norabide horretan.”