Martutenen Urumeako uholdeei aurre egiteko lanen hirigintza-egokitzapena amaitu du URAk

Argitalpen-data: 

Martuteneko lanetara bisita
  • Donostiako hiri-sarean txertatu dira Urumea ibaiaren Martuteneko tarteko ubideratzearen 1350 metroak: ur-goraldien emariei eusteko diseinatutako ibilgu-zabalera berriarekin
  • 32 milioi euro inbertituta, 10 urte inguruko jarduketei amaiera eman zaie
  • URAk Okendotegiko Errekabeltz errekastoaren ur-goraldiei aurre egiteko proiektuaren idazketa lizitatu du

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzari atxikita dagoenak, Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko obren hirigintza-egokitzapena amaitu du Martuteneko tartean. Jarduketa horiei esker, Urumea ibaiaren ubideratzearen 1350 metroak Donostiako hiri-sarean integratu ahal izan dira, Martutenetik igarotzean, ur-goraldien emariei eusteko behar den ibilgu-zabalerarekin.

Hala adierazi dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek Martutenera egindako bisitan.

Martuteneko  hiri-bilbea ur-goraldi errepikakor eta naturaletatik defendatzeko jarduketa osoak ia 10 urteko jarduketak behar izan ditu;  bi fasetan gauzatuak,  32 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan dute,  eta  Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) ekarpenak jaso ditu.

Martutenen, Urumearen uholdeei aurre egiteko lanek,  EAEn uholdeetatik babesteko  defentsa-jardueren artean, kalte-murrizketarik handienetakoa lortzen duen jarduera da,  inbertitutako euro publiko bakoitzeko. Era berean, Urumeako uholdeen aurkako plana izenekoaren mugarri funtsezkoena zen, Gipuzkoako hiriburuan, zein  ibaian gora, ibaiaren goraldiei aurre egiteko.

Behin Martutene babestuta, URA Okendotegi auzoko uholdeei aurre egiteko proiektua zehazten ari da. Zehazki, uraren euskal agentziak dagoeneko lizitatu du Errekabeltza errekastoa hidraulikoki egokitzeko proiektuaren idazketa, Okendotegi auzoan, Urumearen ezkerraldean, Astigarragako Ergobia auzoaren parean, trenbidearen eta GI-131 saihesbidearen artean, uholdeen errepikapenetik defendatzeko. Jarduketari ekin behar zaion tarteak 300 metro inguruko luzera du.

Hurbileko ingurunean 80 biztanle eta 20 etxebizitza daude, eta uholdeen eragina jasaten dute: errekastoaren hedapen naturaleko eremuak okupatu ondoren, errekak orain duen sekzioa ez da nahikoa bere arroaren ekarpenak husteko, eta, gainera, Urumea ibaiaren goraldiak berak eragotzi egiten du urak ur altuetan hustea. Horregatik, orain lizitatu den proiektuaren helburua Errekabeltza errekaren egokitzapen hidraulikoa eta uholdeen aurkako defentsa zehaztea da, 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldietarako. 85.000 €-ko aurrekontua du eta 6 hilabeteko epea idazteko.

Martutene amaituta eta Okendotegi martxan dela, Urumeako uraldien arreta-gunea ibaian gora lekualdatuko da: urak 3,2 milioi euroan lizitatu du Urumeako uholdeen aurrean babesteko obren lehen fasea, Ergobia-Akarregi tartean: Astigarragan eta Hernanin uholdeak naturaltasunez errepikatzearen aurrean segurtasuna nabarmen areagotzeko. Horretarako, ur askoko sasoietan ura bideratzeko ibilgu gehigarri bat egingo da Akarregi-Ergobia meandroan. Hau da, kanal hori goiko uretan bakarrik jarriko da martxan, eta uretan gora (Astigarraga eta Hernani) uraren laminaren altuera murriztea ahalbidetuko du.

Martutenera bisita 2022ko maiatza - Visita obras Martutene mayo 2022