Maite Barruetabeña, IVAPeko zuzendari berria (Gobernu Bilera 2022-1-18)

foto_ivap.jpg

2022-01-18

 

  • Ikertzaile eta irakasle gisa egin du bere ibilbide profesionala, eta azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Araubide Juridikoko eta Pertsonen Kudeaketako zuzendaria izan da
  • Azken urteotan IVAPeko Zaingo-batzordeko kide izan da 

Gobernu Kontseiluak Maite Barruetabeña Zenekorta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendari izendatzea onartu du gaur. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari atxikitako erakunde autonomoaren arduradun berria Gipuzkoako Foru Aldundiko Araubide Juridiko eta Pertsonen Kudeaketako zuzendari nagusia izan da orain arte.

Maite Barruetabeña (Getaria, 1980) Zuzenbidean lizentziaduna, Zuzenbide Zibilean doktorea eta Lan Harremanetan diplomaduna da. Gipuzkoako Foru Aldundian egindako lanaz gain, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) ikertzaile eta irakasle  ere izan da bere ibili profesionalean.

IVAPen parte hartzea ez da guztiz berria izango Barruetabeñarentzat, azken urteotan erakunde horretako Zaingo-batzordeko kide izan baita. Zaingo-batzordea erakundearen jardueren plangintza orokorra, ikuskapena eta jarraipena bere gain hartzen dituen kide anitzeko organoa da. Halaber, Barruetabeñak hainbat fundazio eta erakunderekin kolaboratu du besteak beste, Elkarkidetzaren Gobernu Batzordeko, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluko edo Cristobal Balenciaga, Adinberri edo Gipuzkoako Klima Aldaketa fundazioetako kide gisa. Bere hitzetan, Gipuzkoako Foru Aldundian lanean 6 urtez lanean eman ondoren, “IVAPen zuzendaritza hartzea erronka benetan interesgarria da niretzat, batez ere gainontzeko administrazio eta erakundeekin lankidetzan aritzeko ematen didan aukeragatik”. 

IVAPeko zuzendari berriak hainbat helburu nabarmendu ditu bere ibilbide berriari begira, baina azpimarratu du “administrazioak aurrera eramaten ari diren  eraldaketa eta berrikuntza bidean, IVAP eredu izatea litzateke nire asmo nagusia, eta beste administrazioen bidelagun moduan jardutea”. Barruetabeñaren izendapena EHAAn argitaratzen denean izango da eraginkorra.

Barruetabeñak Egoitz Labururen lekukoa hartu du IVAPen zuzendaritzan (joan den abenduan kendu zuten kargutik) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen ardura hartu du, erakunde horren modernizazioan sakontzeko. IVAPek Euskadiko herri-administrazioekin lankidetzan aritzeko eginkizuna du, herritarrei ematen dieten zerbitzua eraginkorragoa eta elebidunagoa izan dadin.

IVAPen eginkizunen artean, nabarmentzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta hala eskatzen dieten beste euskal administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, Administrazio Orokorreko langileak prestatzea eta gainerako euskal administrazio publikoekin lankidetzan aritzea langileen prestakuntzan. Halaber, berebiziko garrantzia du euskararen hedapenean, aplikazioan eta normalizazioan Administrazio Publikoan, bai eta administrazio publikoei itzulpen, interpretazio eta terminologia zerbitzuak ematean ere.