Lide Amilibia: "Eusko Jaurlaritzaren agendan lehentasuna da bizitzako etapa guztietan zaintza-eredu propioa diseinatzea eta garatzea"
2022-10-20
Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak Lurraldea, gizarte-politikak eta zaintzen krisia nazioarteko mintegian parte hartu du gaur goizean Euskalduna Jauregian. Bizialdi osoko gizarte-zaintzako jardunbide egokiei buruzkoa izan da mintegi hori.
Eusko Ikaskuntzak bultzatutako topaketaren helburua honako hau zen: gizarte-politikek identitate kolektiboa eraikitzeko eta gizarte-kohesiorako tresna gisa izan duten zeregina aztertzea; ongizate-ereduen ezaugarri nagusiak alderatzea eta sortzen ari diren erronka eta behar berriak identifikatzea; zaintzaren krisiaren erronkari erakundeek eman dioten erantzuna genero-ikuspegi intersekzionaletik aztertzea, edo zaintzaren arloko esperientzia eta politika berritzaileak ezagutzea.
Testuinguru horretan, Amilibiak nabarmendu du "bizitzako etapa guztietan zaintza-eredu propioa diseinatzea eta garatzea lehentasuna" dela Eusko Jaurlaritzaren agendan, eta, aldi berean, adierazi du "ongizatearen eraikuntza etengabeko zeregina" dela. "Gizarte osoaren konpromisoa guztion onerako". Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak, ildo horretan, "lidergoaren eta erantzukizun instituzionalaren pean, lau sektoreak – sektore publikoa, sektore pribatua, hirugarren sektore soziala eta familia- eta komunitate-eremua – modu orekatuan barne hartzen eta inplikatzen dituen sareko lanaren aldeko apustua egiten du". Azaldu duenez, elkarlaneko gobernantza-eredu berritzaile eta iraunkor bateranzko trantsizioan gaude, eta eredu horretan "eskubide subjektiboak zabaltzen dira, gastu soziala handitzen da eta babes-sistema hedatzen da, krisien aurrean premiazko neurriak txertatuz eta eraginkorrak diren programak egonkortuz". Gaineratu duenez, "hezkuntza, osasuna eta autonomia babesteko diseinatutako eredua da, hezkuntza-prestazioen, osasun-prestazioen eta gizarte-zainketen bidez, autonomiaz gizarteratzeko harreman-laguntza gisa ulertuta".