Lehiaren Euskal Agintaritzak 2022ko Ekintza Plana onartu du

Argitalpen-data: 

2021ean 111 espedientetan egin du lan, eta horietan zehatzeko, sustatzeko, aurka egiteko, irizpena emateko eta kontsultarako dituen eskumenak erabili ditu

 

2022 Ekintza Plana jendaurrean jarri da, herritarren eta eragile ekonomikoen ekarpenak jasotzeko


BILBON, 2022ko otsaiilaren 3an / Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat datorren 2022 Ekintza Plana onartu du. Erakundea eta haren jarduera sendotzea eta ikusaraztea, merkatuetan lehia defendatzea, lehiaren sustapena bultzatzea eta bikaintasun operatiboa lortzea dira urtean zehar gauzatuko dituen ekintzen helburuak. Plana jendaurrean jarri da, herritarren eta eragile ekonomikoen ekarpenak jasotzeko. 2021ean gauzatutako jarduerari dagokionez, LEA/AVCk 111 espedientetan egin du lan, eta horietan zehatzeko, sustatzeko, aurka egiteko eta irizpena emateko eta kontsultarako dituen eskumenak baliatu ditu. 111 espediente horietatik 83 lehiaren sustapenekoak izan ziren, eta 28 lehiaren defentsakoak.

 

Iaztik GJHak LEA/AVCren estrategian integratzea funtsezko elementua da bere jarduketak erakundeetan duten eragin positiboa areagotzeko eta interes-talde guztiekin dituen harremanak kudeatzeko. 2022 Ekintza Plana definitzerakoan, LEA/AVCk Nazio Batuen 2030 Agendan jasotako 17 GJHak izan ditu erreferentzia.

2022an, erakundearen 10. urteurrenean, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko ekintza instituzionalari jarraipena ematea aurreikusten du. LEA/AVCk lehiaren agintaritza autonomikoekin eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarekin (CNMC) duen lankidetzan sakonduko du, merkatuan lehiaren eta gardentasunaren baldintzak bermatuko dituzten legeak eta politikak babesteko eta bultzatzeko, sinergiak optimizatuz eta baterako lan-formulak bilatuz.

Merkatuetako lehiaren defentsari dagokionez, helburua lehiaren aurkako jardunbideak detektatzeko berezko bitartekoak indartzea da, kartelak batez ere, jokabide larrienak direlako. Halaber, egoera ahulean dauden kolektiboetan eragin berezia duten merkatuetan edo sektoreetan sakonduko da.

Lehiaren sustapenari dagokionez, Euskadiko sektore ekonomiko garrantzitsuei buruzko azterlanak egingo dira aurten, eta osasun-sektoreko merkatuak aztertuko dira. Gaur egun, azken horiek lehia eraginkorreko baldintzetan funtzionatzeak eragin sozial handia du. Lan-merkatuko lehiaren baldintzak aztertuko dira desorekak zuzentzeko, eta lehen sektoreko hainbat eragile ekonomiko eta erakunderekin lankidetzan arituko da.

Erregulazioari dagokionez, Euskadiko Erregulazioaren Hobekuntzari buruzko Azterlanaren jarraipena egingo da, eta arauak erregulazio eraginkorraren irizpideetara egokitzen lagunduko duten azterlanak egingo dira. Kontratazio publikoari dagokionez, kontratazio txikiari dagokionez praxi txarra prebenitzeko ekintzak egingo dira. Urtean zehar, Euskadiko laguntza publikoei buruzko txostena egiteko prozesua finkatuko da, eta Euskadin eragin nabarmena duten kontzentrazio ekonomikoko eragiketei buruzko azterlanari jarraipena emango zaio.

Bikaintasun operatiboa lortze aldera, LEA/AVCk konpetentzian, genero-berdintasunean eta digitalizazio-prozesua amaitzean adituak izango diren giza baliabideak indartzea du helburu.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku dagoen administrazio izaerako erakunde autonomoa da, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.

 

2022ko Ekintza Plana                                                                                                             

 

https://www.competencia.euskadi.eus/contenidos/informacion/avc_planes_estrategicos/eu_def/adjuntos/2022-EKINTZA-PLANA.pdf