Lehendakariordeak enpresek langileen soldatetan, osasunean eta prestakuntzan inbertitzearen alde egin du

2022-09-23

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburuak soldatetan, osasunean eta langileen prestakuntzan inbertitzearen alde egin du berriro, egungo inflazio-egoeran soldatak eguneratzea bermatuko duen errenta-itun batetik harago, hilaren hasieran izandako bileretan gizarte-eragileei jakinarazi zien bezala.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, atzo Politika Orokorreko Osoko Bilkuran izandako eztabaida baloratu du Mendiak, herritarren larrialdiei erantzuna emateko Gobernu bat eta talde parlamentario batzuk ikusteaz pozik dagoelako; izan ere, herritarren premiei erantzuten diete, eta akordioen beharra onartzen dute. Azken urteotan berak aldarrikatu izan du hori, eta kritikatua izan da. Ildo horretan, adierazi du Lan eta Enplegu Sailari eragiten dioten lege eta eraldaketetan urrats, proiektu berri eta aldaketa bakoitzak gizarte-eragileekin eta alderdi politikoekin partekatzen duela.

Lehendakariordeak adierazi duenez, egungo Eusko Jaurlaritzaren balio nagusia da planteatzen diren arazoei irtenbideak aurkezteko eta, batez ere, egonkortasuna emateko gaitasuna, euskal politikan lubakien garaia gainditu ondoren, ondo markatutako ibilbide-orri batekin asko landutako programa bati esker.

Autogobernuari dagokionez, gogorarazi du eztabaidaezina dela Pedro Sanchez presidenteak Estatutua betetzeko duen borondatea eta bi gobernuek eskualdatu gabe dauden eskumenak lantzen jarraitzeko formulak bilatzeko duten konpromisoa.