Lehendakariak Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetako ikasleei eta arduradunei harrera egin die

2022-07-14

  • Iñigo Urkulluk bertaratuentzat interesgarritzat jo dituen  zenbait gai aztertu ditu: Gobernantza eta Giza Garapen Iraunkorraren euskal eredua; Euskadi Europaren etorkizunari buruzko Konferentziaren aurrean; eta Euskal Autogobernu Eredua

Iñigo urkullu lehendakariak, gaur eguerdian, “2022ko Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetako ikasle, irakasle eta ikertzaileei egin die harrera. Besteak beste, Lehendakariak uda ikastaro ezagun hau koordinatzen eta zuzentzen duten hiru arduradunak agurtu ditu: José Luis de Castro UPV/EHUko Nazioarteko Harremanen titularra, Idoia Otaegui UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko albokoa eta Juan Soroeta UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren titularra.

Bere hitzaldian, Urkullu lehendakariak bertaratuentzat interesgarritzat jo dituen aztergaiekin lotutako zenbait gai aztertu ditu: Gobernantza eta Giza Garapen Iraunkorraren euskal eredua; Euskadi Europaren etorkizunari buruzko Konferentziaren aurrean; eta Euskal Autogobernu Eredua.

Gobernantzari eta Giza Garapen Iraunkorraren Euskal Ereduari buruz, Iñigo Urkulluk gogorarazi du Euskadin, Nazio Batuen 2030 Agendarekin duen konpromisoa islatzen duen Estatuko lehen Administrazio Publikoa izanik, abian jarri dela “Trantsizio Sozialaren eta 2030 AgendarenEragile Anitzeko Foroa”, zeinaren helburua “kontratu sozialeko kultura” sustatzea baita, talde-pentsamoldekoa, gizartearekin etengabeko elkarrizketa-dinamika batean oinarritua. "Gure tokiko konpromisoa irmoa da proiektu enblematiko eta zehatzekin, hala nola pobrezia mota guztiak desagerraraztea, hezkuntza inklusiboa, klima-aldaketa, hirigintza berde eta integratzailea, ekonomia zirkularra, osasun publikoa ondasun komun gisa edo bakearen eta bizikidetzaren aldeko euskal ekarpena munduan", azpimarratu du.

Gainera, duela egun batzuk "2030 Agenda, kontratu sozial berri bat” udako ikastaroa egin da, eta aste honetan aurkeztu da Euskadin Nazio Batuen 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza hartzeko hautagaitza.

Europaren etorkizunari dagokionez, Lehendakariak Euskadiren bokazio europazalea azpimarratu du, eta Europar Batasunaren integrazio-proiektuarekin konprometituta agertu da. Hala, Europako Batzordeari legegintza-eskumenak dituzten eta errealitate nazional berezia duten eskualdeen zeregina indartzeko egindako proposamen formala nabarmendu du.

Autogobernuaren Euskal Ereduari dagokionez, Urkulluk azpimarratu du Gernikako Estatutua ez dela osorik betetzen. 2020ko urtarrilean Espainiako Gobernuak, lehen aldiz, Estatutua osorik betetzeko konpromisoen egutegia onartu zuenetik, lau gai eskualdatzea erabaki da, “baina Espainiako Gobernua ez da bere kronograman jasotako aurreikuspenak betetzen ari”. Hori horrela, aurten bertan, Eusko Jaurlaritzak oraindik egin gabe dauden bost transferentzia-proposamen aurkeztu ditu, “baina ez dugu erantzun egokirik jaso”. “Espainiako Gobernuak uko egiten dio lege organikoa den Estatutua betetzeari”, adierazi du.

Bestalde, Lehendakariak gogorarazi du azken bi legegintzaldietan Eusko Legebiltzarrak euskal autogobernuaren etorkizuna aztertu duen ponentzia batean lan egin duela. Hala, euskal autogobernuaren etorkizuneko ereduak oinarrizko adostasunak eta legezkotasuna errespetatzeko esparru juridiko politiko berri bat behar duela azaldu du. Legezkotasun hori, jakina, ez da aldaezina. Errealitate berrietara egokituz alda daiteke eta eboluzionatu behar da, herriaren borondatea errespetatzeak beti izan behar baitu antolamendu juridikoan aplikatzeko eta lotzeko bidea. “Garai berri bat bizi dugu. Adostasuna aplikatzea dagokigu. Nire ustez, Estatuak behar bezala irakurri behar du garai berri hau, aniztasuna eta gehiengoaren gizarte-borondate bereiziak onartu behar ditu, eta estatu-eredu berri bat planteatu behar du, Europan eta nazioartean ere isla izango duena”, amaitu du.

UPV/EHU-KO UDA IKASTAROAK 

UPV/EHUko Uda Ikastaro”en esparruan antolatu dira 2022eko Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaro”ak eta, aurten, uztailaren 11tik 15ra, Zuzenbidearen eta Nazioarteko Harremanen esparruetan gaurkotasun handiko gaiak jorratzen dituzte, ikuspegi akademikoa eta iharduera profesionalak gaur egun sortarazten duen gogoeta batu nahiean.

Emanaldiak, Graduko azken urteetako ikasleei, Graduondoko ikasleei eta Unibertsitateko irakasle, ikertzaile eta profesionalei zuzenduta daude. Aldi berean, eztabaida sortzeko gaitasuna duten eta aztertutako gaietan interesa duten pertsonei ere zuzendutakoak dira. Gelan bermatuko diren emanaldi hauen osagarri, Lehendakaritzan, Eusko Legebiltzarrean, Arabako Foru Aldundian eta Gasteizko Udalean egingo diren harrera instituzionalak ere izango dira.