Lehendakariak eta Japoniako enbaxadoreak Euskadi-Japon ekimenari berriro ekitea adostu dute

2022-03-21

  • Urkullu Lehendakaria Kenji Hiramatsu Japoniako enbaxadorearekin batzartu da gaur goizean

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzarekin batera, Japoniako enbaxadore Kenji Hiramatsuarekin bildu da gaur goizean.

Bileran, Lehendakariak eta enbaxadoreak argi berdea eman diote Euskadi-Japonia 2023 ekimenari. Hainbat sektoreetan sustapen-jarduerak bultzatuko dituen programa da, Japonia eta Euskadiko hainbat lekutan garatuko dena.

Ekimen aitzindaria da, Euskadi Basque Country marka atzerrian kokatzea bultzatu nahi duena, Japonian interesa duten euskal eragile guztiei babesa eman nahi diena eta Japoniako herrialdea euskal gizartera hurbiltzea helburu duena.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Japoniako Enbaxadarekin lankidetzan, programa honen diseinua eta edukia lantzen hasiko da. Programa honek hainbat ekintza izango ditu erakunde-, ekonomia-, enpresa-, kultura-, gastronomia- eta turismo-arloetan.

Japonia, lehentasunezko herrialde Euskadi Basque Country 2025 Estrategian 

Gaur goizean Lehendakariaren eta Japoniako Enbaxadorearen artean izandako bileran Euskadi eta Japonia batzen dituzten lotura ugariak berresteko balio izan du. Hala, bien arteko harremanak sendotzen jarraituko da. Euskadi Basque Country 2025 Estrategiak lehentasunezko herrialdeetzat dauka Japonia.

Izan ere, harreman horiek sendotzearren bisita eta bilera ugari egin dituzte azken urte hauetan bi herrialdeen artean eragile eta arduradun politikoek, balio izan dutenak euskal turismoaren ahalmena ezagutzera emateko, eta euskal enpresei ahalbidetzeko merkatuak eta lankidetza-kanalak irekitzea sektore desberdinetan, bereziki, automozioan eta energia berriztagarrietan.