Lehendakariak abenduaren 1ean Ertzaintzan eta Euskadiko udaltzaingoetan sartuko diren Euskal Poliziako 818 agente berriak zoriondu ditu

2022-11-23

  • 576 gizon eta 242 emakume dira, eta gehienak 25 urtetik 34 urtera bitartekoak dira eta Bizkaian bizi dira
  • 660 Ertzaintzan sartuko dira eta 158 Euskadiko 21 udaletako udaltzaingoetan
  • Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako bigarren agente-promozio bateratua da, baina zeremonia batera egiten duten lehenengo aldia da, aurreko edizioan ekitaldia bertan behera geratu baitzen Covid-19aren ondorioz
  • Lehenengo agente-promozioa 1982ko otsailean irten zen Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiatik, eta, ordutik, berrogei urtean, Arkautek 30 promozio sortu ditu
  • Ekitaldi solemnean minutu bateko isilunea egin dute ETAk hil zituen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente guztien omenez

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da datorren abenduaren 1ean Euskadiko polizia-kidegoetako euren postuetan sartuko diren Euskal Poliziako 818 agenteei egiaztagiriak banatzeko zeremonia.  Egiaztagiriak banatzeko ekitaldi solemne horretan izan dira Gorka Urtaran Eudelen lehendakaria, Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua, Andres Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendaria, Malentxo Arruabarrena Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Izaskun Urien Giza Baliabideen zuzendaria ere. Poliziaren ordezkari gisa izan dira Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Alfonso Garaikoetxea Herritarren Babeserako Ataleko burua, Jose María Yurrebaso Ikerketa Kriminalaren Ataleko burua, Jon Ziarsolo Inteligentzia Bulego Nagusiaren burua eta Asier Erkoreka AJEPLE-EUBE Udaltzaingoburuen Elkartearen burua.

Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako bigarren agente-promozio bateratua da, baina diplomak banatzeko zeremonia, kolore ezberdinetako uniformeekin, batera egiten duten lehenengo aldia da, aurreko edizioan ekitaldia bertan behera geratu baitzen Covid-19aren ondorioz.

Ekitaldia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako patio nagusian egin da, eta bertan izan dira Euskal Poliziako agente berri hauen 3.000 bat familiarteko eta adiskide. Agenteek, 9 hilabeteko formakuntzaren ondoren, urtebeteko in job praktikaldia hasiko dute orain behin-behineko plaza lortu duten Euskadiko polizia-kidegoan.

Tradizioari jarraituz, agente berrien promozio bakoitzak hegazti bat aukeratzen du enblema moduan. Oraingoan, Euskal Poliziaren bigarren promozioak zingira-mirotza aukeratu du.

Euskal Polizia

Gaur Euskal Poliziako agente-diploma jaso duten 818 pertsona horietatik:

  • 576 gizonak dira eta 242 emakumeak.
  • Gehienak, ia % 70, 25 urtetik 34 urtera bitartekoak dira.
  • % 63 bizkaitarrak dira, % 19,5 gipuzkoarrak eta % 12,5 arabarrak.
  • 660 Euskadiko 33 ertzain-etxetan sartuko dira: 457 gizon eta 203 emakume.
  • 158 udaltzaingoetan, 21 kidegotan, sartuko dira: 119 gizon eta 39 emakume: Astigarraga (1 agente), Azkoitia (3), Basauri (9), Bermeo (3), Bilbo (57), Donostia (9), Durango (1), Etxebarri (4), Getxo (6), Hondarribia (7), Irun (2), Lekeitio (4), Laudio (3), Ondarroa (1), Pasaia (5), Portugalete (2), Tolosa (2), Trapagaran (5), Vitoria-Gasteiz (27), Zarautz (5) eta Zumaia (2).

Ikasle bikainak

Lehenengo agente-promozioa 1982ko otsailean hasi zen Arkauten prestatzen. Ordutik 40 urte igaro dira, eta orain 30. promozioa irten da, aldi berean Euskal Poliziaren 2. promozioa dena; izan ere, Akademiako formakuntza eta hautaketa prozesua bateratua da Ertzaintzarentzat eta nahi duten Euskadiko udaltzaingoentzat.

Promozio bakoitzak aukeratutako hegaztia daraman estandarte propioa du, eta gaurko desfilean promozioko 30 ordezkari eta ordezkariordeek eraman dute, Beatriz Aguirre Sáenz ordezkari gorena buru zela. Ertzaintzako agente honek Ikasle Batzordearen lehendakaria izateko ardura garrantzitsua bete du ikasturte osoan.

Gainera, bikaintasunagatik, agente hauek ere nabarmendu dira desfilean:  

  • Ikurrinarekin: Iñigo Ogueta Aldecogaray, promozioko 1. agentea, 9 hilabete hauetan puntuaziorik onena atera duena. Bilboko Udaltzaingoan sartuko da.
  • Ertzaintzaren estandartearekin: Izaskun Martín Alonso, Ertzaintzaren promozioko 1. agentea, 660 ertzainetatik puntuaziorik onena atera duena.
  • Udaltzaingoaren estandartearekin: Koldo Olarte Lorenzo, udaltzaingoen promozioko 1. agentea, Euskadiko 158 udaltzaingoetako puntuaziorik onena atera duena. Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoan sartuko da.

Minutuko isilunea

Zeremoniako beste une berezi bat izan da Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu duenean, gaurko egunez, orain dela 21 urte, ETAk Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo Ertzaintzako agenteak hil zituela Beasaingo biribilgune batean trafikoa arautzen ari zirenean. Ekitaldi solemnean lehendakariak minutu bateko isilunea eskatu du ETAk hil zituen Ertzaintzako eta Euskadiko udaltzaingoetako agente guztiak gogoratzeko.