Lehendakariak 2022eko Korta Sariak eman dizkie Gonzalo Antóni, María Josefa Errazkini, Ana Belén Juaristiri eta Mariano Ucarri

Argitalpen-data: 

  • Urkullu lehendakariak saritutako pertsonen konpromisoa eta ekarpena eskertu du, “konfiantzazko inbertsio bat ekintzailetzarako, talde-lanerako, etengabeko hobekuntzarako konpromisorako eta nazioarteko lehiakortasunerako gaitasunak aplikatzen jarraitu behar duen herrialde batentzat”

  • Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek enpresa-balioen garapenean eta haien sektoreetan enpresak, lanpostuak eta jarduera berriak sortzean izan duten inplikazioa nabarmendu du

  • Joxe Mari Korta sariak 2000. urtean sortu ziren, enpresaburu gipuzkoarraren eta Adegiko presidentearen erailketaren ondoren

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Joxe Mari Korta Sariak banatu ditu. Edizio honetan, sarituak izan dira Gonzalo Antón San Juan, SEA-Arabako Enpresak proposatuta; María Josefa Errazkin Artetxe, Korta Bidetik fundazioak aurkeztutako hautagaia; Ana Belén Juaristi Urdangarin, ADEGIk aurkeztua eta Mariano Ucar Angulo CEBEKek proposatua.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez, urtero, Joxe Mari Korta saria banatzen die beren bizitza- eta enpresa-ibilbideagatik nabarmentzen diren EAEko enpresaburuei.

Bere hitzaldian, Lehendakariak sarituen konpromisoa eta ekarpena eskertu ditu, Jose Mari Kortaren balioei jarraipena emanez, “euskal enpresaren baliorik onenak indartu eta gizarte osora zabaltzeko ahaleginean”. “Zuen ibilbidea eredugarria da gure gizartearentzat”, azpimarratu du.

Hala, Iñigo Urkulluk nabarmendu du saritutako pertsonen eredua “konfiantzazko inbertsio bat” dela, orain ere, une zailetan, ekintzailetzarako, talde-lanerako, etengabeko hobekuntzarako konpromisorako eta nazioarteko lehiakortasunerako gaitasunak aplikatzen jarraitu behar duen herrialde batentzat. “Era guztietako zailtasunak ezagutu dituzue, eta erantzun konstruktibo eta positiboa aurkitzeko borroka egin duzue beti. Ez dago bide errazik, baina enpresa bat sortzeko, garatzeko eta hazteko gaitasunaren adibide zarete, proiektu komun eta partekatu gisa ulertuta” adierazi du.

Nahiz eta sarituetako bakoitzak ibilbide desberdina izan, Urkullu lehendakariak ildo nagusi komun bat antzeman du guztietan: proiektu baten ikuspegia eta ekiteko gaitasuna, arriskua eta inbertsioa bere gain hartzea, lidergoa eta lantalde bat osatzea, enpresa proiektu partekatutzat hartzea, edo merkatu global batean berrikuntza eta lehiakortasuna etengabe bultzatzea.

Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek “haien lanbide-jarduera garatzeko enpresa-sektoreetan” duten inplikazioa nabarmendu du, “bai eta enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran eta jarduera berrien eta lanpostuen sorreran duten garrantzia ere”.

Sarituen curriculumari buruzko informazio gehiago Irekian:  https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/81063

Joxe Mari Korta Sariak

Joxe Mari Korta sariak 2000an sortu ziren "enpresari gipuzkoarra eta orduan Adegiko presidentea eraila izan ondoren" jendaurrean aitortzeko euskal ekosistema ekonomikoaren aitzindaritzan diren pertsonen dohainak eta ahalegina, kontuan hartuta haien inbertsioekin eta haien lanarekin sortzen dela enplegua eta aberastasuna; gizarte osoaren onurarako diren elementuak, alegia.

Sarirako hautagaiak hiru Lurralde Historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritzako korporazioek edo elkargo profesionalek proposatuak izan daitezke, baita Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

 

Informazio gehigarria