Lehendakaria Gogoraren Zuzendaritza Kontseiluaren bileraren buru izan da

2022-06-29

  • Bileran Memoria Institutuaren erakusketa-espazioaren exekuzio proiektuaren egoeraren berri eman da. Proiektua urteko laugarren hiruhilekoan lizitatzea eta esleitzea aurreikusten da, eta lanak 2023. urtearen hasieran hastea
  • Urduñako Duintasunaren Kolunbarioa uztailean inauguratuko da

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza-kontseiluaren bileraren buru izan da, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu eta Kontseiluko lehendakariordearekin, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariarekin batera.

Zuzendaritza kontseiluaren bilera gaur arratsaldean egin da, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan. Eusko Jaurlaritzaz gain, Gogoran ordezkatuta daude Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioak, hiru aldundiak, EUDEL eta Eusko Legebiltzarrak izendatutako hiru pertsona: Paco Etxeberria, auzitegiko medikua eta gaian aditua; Maria Jauregi, ETAk 2000. urtean hildako Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alaba; eta Josu Elespe, ETAk 2001ean hildako Froilan Elespe, Lasarteko PSE-EEko zinegotziaren semea.

Bileran, José Antonio Rodríguez Ranzek Gogoraren Bilboko bulegoak hartzen dituen eraikinaren patiorako diseinatutako Memoriaren Institutuaren erakusketa-espazioari buruzko xehetasunen berri eman du. Egikaritze-proiektua amaitze eta balioztatze fasean dago. Baliozkotu ondoren, aurtengo laugarren hiruhilekoan lizitatu eta esleituko da proiektua.

Proiektu museografikoa gauzatzeko obrak 2023ko hasierarako aurreikusita daude, eta zazpi hilabeteko epea izango dute burutzeko.
Obra egikaritzearekin zerikusia duten alderdiez gain, Rodríguez Ranzek Gerra Zibiletik gaur egunera arteko memoria-gune honen kontzeptualizazioa bera aurkeztu du, arreta berezia jarriz terrorismoaren, indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketaren esperientzietan.

Guneak hausnarketa pertsonal eta kolektiboa bultzatu nahi du, printzipio eta balio etiko eta demokratikoak indartzeko helburuarekin: indarkeriari zilegitasuna kentzea, ez errepikatzea, giza eskubideak, aniztasun politikoa eta elkarrizketa. Azken batean, bizikidetzarako memoria.

Proiektuaren kontzeptualizazioak galdera bat du abiapuntu: ‘zer itxura izango luke memoriak espazio fisiko erreal gisa konfiguratzerik balego?’ Hortik abiatuta, proiektuak proposatzen du basoan zehar ibiltzeko esperientzia egokitzea, memoria-leku gisa. Ibilbidea, beraz, esperientzia murgiltzaile gisa ulertzen da – informazioa eta interakzioa konbinatzen dira –, bisitariarengan sentimenduak eta lotura emozionala sortu nahi dituena bere historiarekin eta biktimekin, espazioaren elementu nagusi eta egituratzaile gisa. Iraganari begira, gehien sufritu dutenen, terrorismoaren zuzeneko biktimen, indarkeria politikoaren eta giza eskubideen urraketak jasan dituztenen begirada, esperientzia eta lekukotzaren bidez. Proiektuak aldi historikoak eta biktimizazio-kausak bereizten ditu, eta berariaz baztertzen du gertakari batzuk justifikatzea edo beste batzuekin parekatzea.

Gogorak egoitza duen eraikinaren patioan kokatuko da espazioa, 540 metro koadroko azaleran, eta sei azpiespazio nagusitan egituratuta dago, Sarrera, ataria eta ongietorria egiteko guneaz gain:

  1. Gerra Zibila eta Frankismoa
  2. ETAren terrorismoa
  3. Errepresioa, legez kanpoko polizia-indarkeria eta tortura
  4. GAL eta eskuin muturreko terrorismoa
  5. Gizartearen eta erakundeen erantzuna
  6. Erresilientzia/gogoeta
  7. Oraintsuko memoriaren espazioak

2., 3. eta 4. aretoak antzera egituratzen dira: informazio interaktiboa, denbora-lerroekin, datuak eta audio- eta bideo-proiekzioak; biktimen testigantzak; hildakoen memoriala; eta informazioa zabaltzeko eta kontsultak egiteko atala.

Proiektuaren bokazio pedagogikoari eta sentsibilizazio- eta kontzientziazio-bokazioari erantzunez, amaierako espazioak bisitariaren gogoeta eragin nahi du bisitaren ondoren, bisitariak bere arrastoa utz dezan, gure memoria kolektiboaren eraikuntzan aktiboki parte hartuz.

Gogoragunea Euskadiko memoriaren pedagogiaren erreferentzia-gune gisa pentsatuta dago, ibilbidea egiteko eta, batez ere, esperimentatzeko eta hausnartzeko lekua da. Amaitutakoan, publiko orokorrari irekita egongo da, eta interes berezia izango du publiko gazteena erakartzeko.

Federico Soriano arkitektoak diseinatutako espazioa, Alaiki, Boslan eta Imandra enpresekin batera, patioaren bolumenean, zuhaiztian eta lorezaintzan integratzen da, eta patio horren eta eraikinaren atariaren arteko lotura proposatzen du.

Datozen ekimenak

Gogoraren zuzendariak, Aintzane Ezenarrok, Institutua egiten ari den jarduera batzuen berri eman du, besteak beste, Miguel Angel Blancoren bahiketaren eta hilketaren 25. urteurrena dela-eta Ermuan joan den astelehenean inauguratutako erakusketaren berri eman du.

Urduñako Kolunbarioaren inaugurazioa uztailean izango dela ere aurreratu du. Bigarren kolunbarioa da, Bizkaiko lehena, eta, hasiera batean, 14 gorpuzki hilobiratuko dira bertan; Gerra Zibilaren garaian bertan egon zen presoen kontzentrazio-esparru eta kartzelan hil ziren 14 pertsonarenak dira gorpuzkiak, 2014an, Aranzadi Zientzia Elkarteak Urduñako hilerritik berreskuratu zituenak.
Guztira 60 gorpuzki hartzeko ahalmena du, eta etorkizunean lurpetik atera eta identifikatu ezin diren gorpuzkiak hartuko ditu, edo identifikatu ondoren, familiak bertan hobiratzea erabaki dutenenak, Elgoibarkoarekin gertatzen den bezala. Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioak, 2017an inauguratua, 57 pertsonaren gorpuzkiak ditu gaur egun; aurrerantzean, Orduñako kolunbarioak jarraipena eman nahi dio Gogorak bultzatzen duen Gerra Zibileko biktimei dagokien duintasuna bueltatzeko lanean.