Lehendakaria: "Farmabide mugarri izango da Euskadiko egoitzen prestazio farmazeutikoan"

2022-05-16

  • Prestazio farmazeutikoaren zentro berria mugarri izango da egoitza horietan bizi diren 13.700 pertsona baino gehiagori ematen zaien arretaren segurtasuna, kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko
  • Farmabideren instalazioak Galdakaon (Bizkaia) daude, eta 1.038 metro koadro baino gehiago dituzte; 3 milioi euro inguruko inbertsioa egin da
  • Farmabide ari da, dagoeneko, medikamentuak hornitzen Dimako Arratiako Egoitzari (Bizkaia), eta jarraitu du Irungo Ama Xantalen (Gipuzkoa) egoitza eta Arabako Laudioko San Roke egoitza ere hornitzen

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gotzone Sagardui Sailburuarekin batera, “Farmabide” prestazio farmazeutikorako zentro berriko instalazioak bisitatu ditu. Instalazio horiek mugarri dira, eta arreta farmazeutikoaren puntako eredu berritzailea abian jartzea ekarriko dute; haren bidez, egoitza horietan bizi diren 13.700 pertsona baino gehiagori ematen zaien arretaren segurtasuna, kalitatea eta eraginkortasuna hobetuko da.

Ordezkaritzak instalazioetatik egin du bisita, Lehendakaria buru dela; instalazioek 1.038 metro koadro baino gehiago dituzte, eta 3 milioi euro inguruko inbertsioa egin da haietan. Lehendakariak azaldu du Farmabideren bidez egoitzetako pertsonentzako arreta mediko-farmazeutiko “integrala, koordinatua eta kalitatezkoa” eman ahalko dela, “segurtasun-maila handiarekin”. Horren garrantzia nabarmendu du; izan ere, egoitzetako erabiltzaileen % 70ek zenbait medikamentu kontsumitzen ditu, eta haietatik heren batek baino gehiagok 10 baino gehiago ditu aginduta.

Era berean, Lehendakariak azpimarratu du prestazio farmazeutikoko zentroaren proiektua bat datorrela, erabat, Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoekin: berrikuntza, modernizazioa, garapen teknologikoa, erakundearteko proiektua, koordinazio soziosanitarioa, pertsonak erdigunean eta baterako lana pertsonen zerbitzura. Azken batean, Auzolana.

PLANGINTZAREN ETA ETORKIZUNEKO IKUSPENAREN EMAITZA

Farmabide zentroa abian jartzeko, zenbait ekintza behar izan dira, bai eta foru- eta udal-erakundeen arteko eta enpresa-taldeen elkarlana ere.

Nagusientzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzen farmazia-zerbitzuak eta medikamentuen gordailuak agintzeko Dekretua behar izan zen. Euskadin n 320 egoitza baino gehiago daude, eta, haietatik, zerbitzuen antolamendu horrek hiru laurdenengan (235) du eragina, gutxi gorabehera. Egoitzak, Osasun Sailaren eskutik, haien medikamentuen gordailuak egokitzen ari dira, eta Osakidetzak langile farmazeutikoak sartu ditu, 22 pertsona guztira; 15ek egoitzekin harreman hertsia dute, eta 7 Galdakao-Usansoloko ospitaleko instalazio honetan daude.

PROIEKTUA ABIAN

Hasi da, dagoeneko, Bizkaiko lurraldeko lehen egoitza hornitzen, Dimako udal-egoitza, Arratiako Egoitza, eta, hil honetan, Gipuzkoako lurraldean jarraituko da, Irungo Ama Xantalen egoitzarekin eta Araban, Laudioko San Roke egoitzarekin. Hura abian jartzea beste urrats bat gehiago izango da hazten jarraituko duen eta hobetzen jarraitzeko bizirik izango den proiektu baten garapenean. 

NOLAKOA DA PROZESUA?

Prestazio farmazeutikoko eredu berrian honako urrats hauei jarraitzen zaie:

  1. Egoitzetako langile medikoek Osakidetzako Errezeta Elektronikoaren sisteman bizi direnen preskripzio medikoak egingo dituzte. Ondoren, agindu horiek Farmabideren informazio-sistemara bidaliko dira, prestatu beharreko medikazio-tratamendu gisa.
  2. Farmabiden, medikamentuak hartuko dira eta, hornidura eginiko eskaerekin bat datorrela behar bezala egiaztatu ondoren, dagozkien robotetan bilduko dira, bai eta apalategi, hozkailu eta segurtasun-armairuetan ere, estupefazienteen kasuan.
  3. Ondoren, blisterretatik medikazioa aterako da, eta eskuragarri jarriko da, medikazioa antolatzeko robotek dosi pertsonalizatuetan izan dezaten pertsona bakoitzarentzat, toma bakoitzaren eta asteko egun bakoitzaren arabera.
  4. Farmabideko informazio-sistemek pertsonen tratamenduei buruzko informazioa jasoko dute, eta medikazioa banakako dosi pertsonalizatuetan prestatuko dute. Kode batek medikamentuak erabiltzaile bakoitzarekin identifikatuko ditu.
  5. Medikazio pertsonalizatuko poltsatxoak prestatu ondoren, egoitza bakoitzaren eskaria finkatuko da eta, horretarako, formatu horretan prestatu ezin diren medikamentuak sartuko dira (jarabeak, pomadak, injektagarriak…), eta antolatuta biltegiratuko dira, eskariak prestatzen amaitzeko gunean, hornitzaile logistikoak batu eta egoitzan entrega ditzan.
  6. Prestatutako medikazioaren kalitatearen kontrol egokia egin ondoren, hura egoitzara bidaliko da, astean behin.
  7. Medikazioa eskaera egin duen egoitzara iritsiko da, eta erabiltzaile bakoitzak medikazio pertsonalizatua izango du banakako poltsetan.