Lehendakaria Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren elkarretaratzearen buru izan da

2022-11-25

Gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxista Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Lehendakaritzako eskaileretan egin den elkarretaratzearen buru izan da Lehendakaria. Eusko Jaurlaritzako sailburuek, Emakundeko arduradunek eta Lehendakaritzako langileek lagunduta, Iñigo Urkulluk Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzesten dituela adierazi nahi izan du, eta beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du, indarkeria desagerrarazteko

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak "Eusko Jaurlaritzaren eta Emakunderen konpromiso irmoa eta lehentasunezkoa" azaldu du, "bai indarkeria matxistaren prebentzioari dagokionez, bai indarkeria horren biktima diren emakumeei arreta emateari dagokionez". Nabarmendu duenez, "gaur indarkeria matxistaren biktima guztiak gogoan izateko eguna da, gure babes eta elkartasun guztia eskaini nahi diegu indarkeria horretatik bizirik atera diren emakumeei, eta gogorarazi nahi diegu eskura dituztela Jaurlaritzak dituen baliabide eta zerbitzu guztiak". Horrekin batera, dei egin dio gizarteari "berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromiso irmoa adieraz dezan, egun batean emakumeentzako indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko modu bakarra berdintasunaren aldeko gizarte osoaren inplikazioa baita". Eta dei berezia egin nahi izan die gizonei, "gizonen inplikazioa behar dugulako; indarkeria matxistari ezetz esaten dioten gizonak eta beste gizon batzuk emakumeen askatasuna, erabakia eta hitza errespetatzera bultzatzen dituztenak".