Lanbidek bikoiztu egin du Lehen Aukera programarako zuzkidura, eta aurten 8 milioi euro bideratuko ditu lan-esperientziarik gabeko langabe gazteak kontratatzeko

LANBIDE.jpg

2022-11-24

  • Euskal enpresek emandako erantzun onak (gazteen enplegua sustatzeko) eraman du Lanbidek erabaki hori har dezan

Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu egin du Lehen Aukera programarako 2022rako aurreikusitako zuzkidura bikoiztea 8 milioi eurora iritsi arte. Erabakian giltzarria izan da euskal enpresek zuzeneko laguntzei emandako erantzuna. Gogoratu Lehen Aukera Programak xede duela 30 urtetik beherako langabeak kontratatzea lan-esperientzia gutxikoak, zein batere esperientziarik gabekoak. 

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua buru zela, Kontseiluak berretsi egin du aurrekontu-gehikuntza hori. Aipatu erabakia Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko enplegu-politika aktiborako ekimenen artean kokatzen da, eta Lanbide du buru. Lehen Aukera zuzeneko laguntzen programa da. Eta helburu du 30 urtetik beherako langabeak beren titulazio-eremuko enpleguetan kontratatzea bai inolako lan-esperientziarik ez dutenak; bai eta, askoz jota, 6 hilabeteko esperientzia dutenak. Programak helburu du gazteen enplegagarritasuna hobetzea lan- esperientzia eskuratuz eta laneratzea sendotuz.

Hasierako zuzkidura 4 milioi eurokoa zen. Eta aurreikusten zuen, aurten, praktikaldiko 550 kontratu eta 150 kontratu mugagabe finantzatzea. Hala ere, orain arte jasotako eskaeren bolumenak nabarmen gainditu ditu aurreikusitako magnitudeak. Horrek esan nahi du enpresek oso erantzun positiboa eman diotela gazteen enplegua sustatzeko helburuari. Beraz, 8 milioi eurorainoko igoera horren bidez, egoera horri erantzun nahi zaio, eta ekimena areagotu. Ekimen horrek eskatzen du enpresak langile gehiago izatea. Baina laguntzak ezin izango dira erabili lehendik lanean ari den inor ordezkatzeko.

Ildo horretan, Lan eta Enplegu Sailaren enkarguz, urtearen hasieran, Iseak Fundazioak egindako azterlan batek (enplegu-arloko politika publikoen eragina ebaluatzeko) hauxe ondorioztatu zuen: Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak laneratze-kalitate handiagoa lortzen du Lehen Aukera programan parte hartzen duten pertsonen artean, programa hori egiten ez duten gazteen artean baino.

Laneratzeko enpresak

Era berean, beste bi laguntza-deialdiren kreditu-zabaltzeak berretsi dira. Lehenengo kreditu-zabaltzea.

Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzei 3 miloi euro gehituko zaizkie (lehen 11 miloi ziren). Laneratzeko enpresek hauxe dute helburu: egoera ahulenean dauden kolektiboei, bazterkeria-egoeran daudenei edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenei lan-merkatu arruntean sartzea ahalbidetzea (laguntza ardatz duen gizarteratze- eta laneratze-prozesu baten bidez).

Orain zabaltzen ari den 2022ko deialdian (eta krisialdi ekonomikoak eta sanitarioak bazterkeria-egoeran edo -arriskuan dauden kolektiboen enpleguan dituen ondorioak arintzen jarraitzeko asmoz) laneratzeko enpresei ematen zaien laguntza handitu egin da. Laguntzak honakoak finantziatzen ditu: merkatu-azterketak (baloratzeko ea enpresak bideragarriak izango diren); aktibo finkoetan egindako inbertsioak (laneratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratuak); produkzioan laguntzeko teknikarientzako eta laneratzen laguntzeko ekintzetan espezializatutako teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea; laguntza teknikoa eta prestakuntza.

Aurten, enplegua sortzea garrantzitsua izan da, 306 lanpostu eskatu baitira (alegia, 2021ean baino % 7,75 gehiago) bai eta produkzioan eta laneratzean laguntzeko beste 131 teknikari ere. Aurrekontuaren igoera aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko nahiari dagokio.

Bigarren zabaltze-kreditua laneratzeko eta berrikuntza soziolaboraleko proiektu bereziak garatzeko laguntzei buruzkoa da. Eta xede ditu lana lortzeko edo enplegua mantentzeko zailtasunak dituzten pertsonak (landunak zein langabetuak). Erakunde publiko edo pribatu batek edo batzuek bultzatzen dituzte Proiektu Bereziak. Eta prestakuntzako, orientazioko edo enpleguko esku-hartze mota desberdinak koordinatzen dituzte parte-hartzaileen enplegagarritasuna eta gaitasun pertsonalak zein profesionalak indartzeko). Lanbidek milioi bat euro gehitzea erabaki du. Beraz, guztira, sei milioi euro izango dira aurten.

Halaber, bost lankidetza-hitzarmen onartu dira Lanbideren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean, bost enpresa-elkarterekin. Helburu dute, Bizkaiko Lurralde Historikoan, enplegagarritasun zaileko langabeentzako birorientazio-, birkualifikazio- eta birenplegu-proiektuak egitea (pertsona horiek sar daitezen bai produkzio-sektoreetan, bai eta hazteko ahalmena duten lanbide-profiletan ere).

Bost enpresa-taldeak honako hauek dira: Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkartea – ACLIMA; Euskadiko Elikadura Klusterra-BASQUE FOOD CLUSTER; ERAIKUNE – Euskadiko Eraikuntzaren Kluster Elkartea; Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioa; eta, azkenik, GAIA – Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartea. Akordio hau 2021ean sinatutakoaren jarraipena da.

 6. pabiloia

Bestalde, Kontseiluak erabaki du 28.500 euroko dirulaguntza ematea Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteari (6. pabiloia), sei aktore gazte kontratatzeko. Hau ekimen berritzailea da. Eta xede du 6. Pabiloiko Gazte Konpainiaren denboraldi honetako jarduera bultzatzea. Elkarteak lehen esperientzia profesionala eskaintzen die aktore gazteei (laneratzeko eta karrera profesional egonkor bat garatzeko tranpolin gisa). Laguntzak bere gain hartuko ditu hiru hilabetez kontratatu beharreko sei gazteren soldataren gehi   gizarte segurantzaren kostuak (izan ere, hiru hilabete irauten du antzezlanaren entseguak).