Azken hamarkadetan, digitalizazioak aldatu ditu enpresetan pertsonak egotea eskatzen zuten lan-jarduera asko. Gaur egun, horietako batzuk birtualki bakarrik egin daitezke, eta beste batzuk eredu ‘hibrido’ baterantz jo dute.
Oraintsu argitaratutako eztabaida-agiri batean, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak (EU-OSHA) aztertu ditu ingurune birtualetako lana norantz bideratzen ari den eta horrek osasunean eta segurtasunean dituen ondorioak. ‘Lanaren etorkizuna ingurune-birtualean eta laneko segurtasuna eta osasuna’ dokumentuak zenbait gogoeta planteatzen du arriskuak prebenitzeko eta kudeatzeko, eremu horretan ikertzeko eta LSOko neurri espezifikoak aplikatzeko.
‘Lantoki birtuala’ lanpostua, honako hau da: Interneten eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabileraren bidez sortzen eta mantentzen dena eta kokaleku jakin baten mende ez dagoena. Etorkizunean, birtualki lan egiteak ekarriko du errealitate birtualeko (VR) eta errealitate areagotuko (AR) inguruneak gehiago erabiltzea. Errealitate areagotuak -errealitate birtualeko mota bat- informazio digitala, mundu errealeko objektu edo lekuetan gainjartzen du erabiltzailearen esperientzia hobetzeko asmoz. Halaber, errealitate hedatua (XR) erabiliko da; konputazio espaziala edo murgiltze-teknologia izenez ere ezagutzen dena.
Digitalizazioak harreman estua du lan birtualarekin, gaitutako IKT teknologia sorta zabala hartzen baitu (IKT-ET). Besteak beste, IKT tresnak, robotika, adimen artifiziala (AI), VR, AR, gauzen Internet (IoT), ‘wearables’ eta ‘big data’. Hala ere, Europan IKT teknologia gaituen (IKT-ET) hedapena eta nagusitasuna aldatu egiten dira sektore eta talde sozioekonomikoen arabera.
EBn, langileen herenak ia ez du trebetasun digitalik; beraz, arrisku handia dago lan birtualean dagoen etenak lan eta gizarte desberdintasunak areagotzeko. Errealitate horrek erronkak ditu, besteak beste, jasangarritasunaren, enpleguaren eta prestakuntzaren arloan. Kontuan hartu behar da, halaber, ingurune birtualetan lan egiten duten pertsonak askotan “plataforma-ekonomien” mende daudela, eta ohiz kanpoko lan-baldintzak izan ditzaketela.
EU-OSHAk bere dokumentuan dioenez, ingurune birtualetako lanetan LSOko erronkei erantzuna emateko, arautze-jarduerak egin behar dira aplikazioen bidez, bai esparru politikoan, bai ikerketaren eta praktikaren eremuan. Eremu politikoan, EU-OSHAk beharrezkotzat jotzen du “esparru politikoa berraztertzea arrisku berri batzuk agertu eta beste batzuk azaleratzen ari direlako, eta legeen arteko oreka egokia aurkitzea, gizarte-solaskideei garrantzi handiko zeregina emanez. Jadanik dagoen erregulazioa aldizka eguneratu beharko litzateke, arrisku berriak eta sortzen ari direnak kontuan hartzeko eta horiei ekiteko. Arau-esparruak LSOko erantzunkizunak argitu beharko lituzke, sistema berriei eta lan egiteko modu berriei dagokienez”.
Ikerketaren arloan, EU-OSHAk garrantzitsutzat jotzen du LSOri buruzko ezagutza berriak antzeko erritmoan sortzea. Zentzu horretan, uste du ikerketa-azpiegitura “hobetu behar dela EBk ikerketa finantzatzeko dituen mekanismoen bidez, Horizonte Europa barne. Halaber, sendotu egin beharko lirateke LSO behatzeko eta iragartzeko gaitasunak, datuak azkar sor daitezen”.
Praktika aplikazioen bidez egiteari dagokionez, EU-OSHAk berretsi du IKT-ETen garapenei esker “aukerak daudela arriskuak ebaluatzeko eta kudeatzeko prozesuak birpentsatzeko, ‘big data’ eta gailu adimendunak erabiliz. Arlo horietan ba daude aplikazioak baina koordinatu behar dira praktika etikoak garatzeko”.
Ebaluazio dinamikoak
Beste dokumentu batean (‘Arriskuen eta horiek laneko osasunean eta segurtasunean dituzten ondorioen ebaluazio dinamikoaren garapena’), EU-OSHAk ebaluatzen ditu tresna digital espezifikoak garatzeari esker, arriskuen ebaluazio dinamikoan lortutako aurrerapenekin harremana daukaten gaiak. Txosten honetan, EU-OSHAk bere analisiak, enpresa-kudeaketaren eta prozesuen segurtasunaren ikuspegitik egiten ditu.
Dokumentuan jasotako ondorioen arabera, “arriskuen ebaluazio dinamikoaren onurak hauek dira: lan-ingurune dinamikoaren arintasuna, arriskuak ebaluatzeko arazo konplexuak tratatzea, arintasuna eta koherentzia. Alde txarrak, IKTko edozein sistemak dauzkanak dira: trebetasun maila oso ezbedinak, IKTen esperientziarekiko mendekotasuna, zibersegurtasuna eta kostua. Eragozpenak egonda ere, arriskuak ebaluatzeko hainbat tresna digital garatu direnez, esan daiteke LSOko adituek bidaia digitala egiteari ekin diotela Europako hainbat tokitan”.
