Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bost kirol federazioren bitartez euskarazko formazioa eta kudeaketa sustatuko ditu

Argitalpen-data: 

  • Euskal Kirol Federazioaren Batasunarekin lankidetzan errugbi, gimnasia, txirrindularitza, pilota eta surf federazioek euskara sustatzeko ekimenak jarriko dituzte martxan
  • Besteak beste entrenatzaileen lehen mailako ikastaroak euskaraz emango dituzte eta erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko pausoak egingo dituzte, euskara planak ezartze bidean

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak Euskadiko Kirol Federazioen Batasunarekin lankidetzak bost kirol federazioetan euskarazko formazioa, euskararen sustapena eta kudeaketa euskaraz egitea bultzatuko du. Horretarako Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzarekin, Euskadiko Errugbi Federazioarekin, Euskal Gimnastika Federazioaren, Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin eta Euskal Herriko Surf Federazioarekin hasi da lankidetza.

Gaur goizean Donostian egin den prentsaurrekoan Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak eta Euskadiko Kirol Federazioen Batasuneko kudeatzaile Leire Gerenabarrenak aurkeztu dute lankidetza. Bertan izan dira bost federazioetako ordezkariak ere.

“KIROLETIK, bagoaz euskaraz” lemapean hartutako konpromisoaren arabera pilota, errugbi, gimnasia, txirrindularitza eta surf federazioek euskarako formazioa emango die etorkizuneko entrenatzaileei. Helburua entrenatzaileak erdigunean jartzea da beraiek direlako ondoren kirolari gazteenengana iristen direnak, hizkuntza-aktibazioan eragin handiena dutenak. Baina lankidetzaren helburuak lau dira:

  1. Prestakuntza: federazio bakoitzak gutxienez hastapen-mailako entrenatzaile-ikastaro bat emango du urtean.
  2. Hizkuntza-prestakuntza: entrenatzaile-ikastaroarekin batera, hizkuntza estrategien modulua antolatu eta eskainiko du federazio bakoitzak.
  3. Hizkuntzaren kudeaketa: federazio bakoitza erakundearen kudeaketan hizkuntza-faktorea txertatzen hasiko da, hizkuntza-egoeraren diagnostikoa egin eta kudeaketa berria diseinatuta (euskara planak).
  4. Sustapena: egitasmoan parte hartuko duten federazioek alorrean euskararen erabilera sustatzeko ekintzak egingo dituzte, EKFBren koordinazio pean.

Helburuak lortzeko bidean lanean hasita daude Euskadiko Kirol Federazioen Batasuna eta bost federazioetako arduradunak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 100.000 euroko dirulaguntza emango dio EKFB-ari egitasmo hau bideratzeko.

Zupiria sailburuak gogorarazi duenez “Eusko Jaurlaritzaren XII. Legegintzaldiko Gobernu Programak biltzen du, hizkuntza-eskubideen erabateko bermerantz aurrera egitea eta euskara gure bizitzako eremu guztietan erabili ahal izatea ahalbidetzea. 2020-2024 aldirako helburuetako bat da. Eremu sozioekonomikoa eta lan-eremua, ingurune digitala eta aisialdia eta familia-transmisioa dira hurrengo urteetako erronka handiak euskararen normalizazioa lortzeko”. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaineratu duenez, “aisialdian eta formalak ez diren eremu funtzionaletan euskararen erabilpena zabaltzeko gakoa da kirolaren arloa. Hain zuzen ere 18 urte bitarteko gazteen euskararen erabileran eragiteko asmoz aurkeztu zuen Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 2021. urtean “Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana”.  Egitasmoak, besteak beste, kirolean aritzen diren 18 urte bitarteko gazteen entrenatzaileen prestakuntzan eragin nahi du entrenatzaile-ikasketak euskaraz bultzatu”.

Kirol-federazioek dute zenbait kirol-diziplinatako entrenatzaile-ikastaroak emateko eskumena eta Zupiriak adierazi duenez “euskararen erabilera areagotzeko entrenatzaileengan eragin nahi bada, behar-beharrezkoa da kirol-federazioekin akuilu lana egitea. Eta horretan erabat bat gatoz Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta Eusko Jaurlaritza. Kirol-federazioetan zenbat eta gehiago eragin hizkuntzaren ikuspegitik, orduan eta eredugarriago izango dira kirol hori praktikatzen duten klub eta kirolarien begietara eta, horrenbestez, euskararen erabileran eragiteko aukerak biderkatuko dira”.