Kontsumobidek Black Fridayren inguruko erosketei buruzko informazioa eman du, eta kontsumo arduratsua egiteko aholkuak eman ditu

2022-11-25

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Kontsumobideren bidez, EAEko kontsumitzaileentzako zenbait aholku argitaratu ditu, Black Friday sustapen-ekimenaren harira. Egun horren berezitasuna da deskontuak egiten direla; ohitura nahiko berria da, merkatu anglosaxoitik ekarria. Black Friday Gabonetako kanpainaren atari gisa finkatzen ari da eta, hala, erosketak sustatzea eta aurreratzea eragiten ari da.

Black Fridayk, marketinaren eraginez eta denbora-epe mugatuko eskaintzaren elementuaren ondorioz, kasu batzuetan erosketa konpultsibora garamatza. Horrek, behar ez dituzten erosketak egiten dituzten kontsumitzaileen ekonomian ez ezik, hurbileko merkataritzan ere baditu eraginak; izan ere, aurrez aurre dituzte tamainagatik eta ahalmen logistikoagatik retail txikiek egin ezin dituzten eskaintzak egin ditzaketen operadore handien sustapenak. Gainera, egun honetan erosketa- eta itzulketa-tasa handia da, eta horrek kostu handia du ingurumenean. Bidalketa eta itzulketa kopuru handiaren ondorioz, garraioa (CO2 emisioak) eta bilgarriak (hondakinak) areagotzen dira.

Hori dela eta, Kontsumobidek sustapen-ekimen honetan erosteko zenbait hausnarketa egiteko eskatu nahi du.Batetik, komeni da geure buruari galdetzea benetan hura erosteko beharrik ote dugun eta etorkizunean zein erabilera emango diogun. Bestalde, erosketa erredundantea ote den; izan ere, hura ordezka dezakeen antzeko produktu bat izan dezakegu. Eta, azkenik, kontsumitzaileak egun horretan (edo horietan; izan ere,  batzuetan, establezimenduek kanpaina luzatzen dute, “Black Week” delakoaren bidez) erostea erabakitzen badu, aholku batzuk ekarri behar ditugu gogora:

Itzultzeko erosteak ondorio kaltegarriak ditu bai planetarentzat bai ingurumenarentzat. Nahiz eta online plataformek erraztasunak eman, hausnartu egin behar da erosi aurretik.
Aurrekontu bat egiteak lagundu egiten du pentsatzen eta ekonomia pertsonal egonkorrari eusten. Komeni da une bat hartzea zerrenda bat egiteko eta, hartan, erosi nahi/behar duguna idaztea, aurrekontu bat finkatzea eta hartara mugatzea.
Prezioak erkatzeak konpentsatu egiten du. Produktu zehatzen bat bilatzen ari bagara, komeni da Black Fridayren aurretik zeukan prezioa egiaztatzea.
Tokiko erosketa ona da gizartearentzat eta gure ekonomiarentzat. Lehenengo auzoko dendetan erosteak hurbiltasuna eta konfiantza ematen ditu.Hurbileko merkataritzak, kalitateko produktuak saltzeaz gainera, herriko kaleei bizitza eman eta toki-ekonomia garatzen laguntzen du.
Eskubideak ezagutzen dituen kontsumitzaile informatu batek abantaila du, produktu eta zerbitzuak eskuratzeko orduan. Produktu baten prezioa beheratzea ez da kontsumitzaileen eskubideak murrizteko motibo.
Erosi aurretik, produktuari eta itzulketen politikari buruzko informazio guztia ezagutu behar da.
Eta, azkenik, erosketa-prozesua Internet bidez egiten bada, web seguruetan egin, ordainketa-pasabideak eta segurtasun-elementuak dituztenetan, produktuaren ezaugarriek eta entrega-epeek zalantzarik eragiten ez dituztenetan.Arretatsu ibili behar dugu, egon daitezkeen iruzurren edo Phishingen aurrean.
Plangintza da gakoa arduraz eta seguru kontsumitzeko data hauetan, gure ekonomian eta planetan eragina izango duten gehiegikeriarik egin gabe.