Kontroleko osoko bilkura (2022/09/30)

2022-09-30

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Iñigo Iturrate Ibarra Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Nazio Batuen 2030erako Tokiko Koalizioaren Idazkaritza Euskadin kokatzeari buruz.

Lehendakariak ziurtatu du Euskaditik aktiboki lan egingo dela 2030erako Tokiko Idazkaritzak ahalik eta hobekien bete ditzan bere helburuak eta eginkizunak; Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako Helburuekin duten konpromisoaren nazioarteko hedapena areagotzeko.

Iñigo Urkulluk azaldu duenez, Euskadi aukeratu dute egoitza hori hartzeko 2030 Agendaren kokapenaren arloan egiaztatuko ibilbideagatik eta erakundeen arteko lankidetzaren, lankidetza publiko-pribatuaren eta gizarte zibilarekin partekatutako lanaren esperientziagatik. Era berean, nabarmendu du Europako Batzordeak Euskadi GJHak ezartzen aitzindaria den eskualde gisa onartu zuela; aipatuz, Eusko Jaurlaritza duela bost urte Nazio Batuen Erakundean Urteko Jarraipen Txosten Boluntario bat aurkeztu zuen estatuaz kanpoko lehen gobernua izan zela.

Nazio Batuen 2030erako Toki Idazkaritzaren mundu mailako egoitza berriaren irekiera datorren urteko urtarrilean izango da eta, era berean, “nazioartean Garapen Iraunkorrerako Helburuekiko euskal konpromisoa proiektatuko du”.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Autogobernu arloan herri gisa ditugun beharrei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Jaurlaritzaren erantzukizuna Gobernu Programa betetzea dela, “Autogobernu gehiago eta hobea” lortzeko helburua barne. “Gure erantzukizuna da aitortutako Autogobernua bermatzea eta, ildo horretan, Gernikako Estatutua osorik betetzeko bidean aurrera egitea. Aurrera egiten jarraitu behar dugu, eta oinarri sendo bat dugu: Eskubide historikoak; Autogobernuaren eredu propioa; eta Aldebikotasuna”, adierazi du. Zentzu honetan, Gobernu Programak jasotakoa gogorarazi du: autogobernuaren legegintza-garapena handitzea; lortutako Autogobernuaren defentsa; Autogobernu ekonomikoa-finantzarioa indartzea eta garatzea; edo transferitzeke dagoen Autogobernua lortzea.

Hala ere, nabarmendu du asmoa “Autogobernua sakontzea, eguneratzea eta hedatzea” dela, baina helburu hori lortzeko urratsak eta egutegiak proposatzea Legebiltzarreko taldeei dagokiela gogorarazi du. "Gure artean, euskal herritarren artean, autogobernu proiektu handi baten inguruan adostasun sendo bat lortzea da erronka nagusia", gaineratu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, erosteko ahalmenaren murrizketari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak neurriak hartu dituela erosteko ahalmenaren galerari aurre egiteko, eta neurriak hartzen jarraituko duela, “gizartearen beharrak ezagutzen ditugulako eta herri kaudimenduna garelako”. Hori horrela, proposatzen diren neurrietako batzuk aipatu ditu: etxebizitza sozialen parkean horniduren kostua murriztea, instalazio zentralizatuak dituztenentzat; diru-sarreren muga handitzea etxebizitza sozialak eskuratzea errazteko; elikaduraren sektoreari laguntzak ematea inflazioaren eragina arintzeko; eraginkortasun energetikoko laguntzak ematea fakturaren igoera konpentsatzeko eta familien aurrezpen energetikoa bultzatzeko; PFEZaren deflaktazio berria proposatzea;  edo Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak  % 10eko igotzea.

"Eutsi egingo diogu lehentasun sozial horri datorren urterako aurrekontu-proposamenean, eta, berriro diot, herrialdeko akordio gisa planteatuko dugu", amaitu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, euskal herritarrei zergak jaisteari buruz.

Iñigo Urkulluk azpimarratu du Euskadin zerga-sistema adostua, progresiboa, eraginkorra eta emaitza onak eskaintzen dituena dagoela. “Gomendagarria da zerga-arloan egonkortasun- eta zuhurtasun-bideari eustea”, gaineratu du.

Gaur egungo testuinguruari dagokionez, Lehendakariak gogorarazi du zerga-arintzerako neurriak hartu direla, eta diskriminazio positiboa egin dela pertsona ahulenentzat. “Horrela egiten jarraituko dugu. Joan den astean zortzi neurri berri proposatu genituen. Urtarrilaren 1ean indarrean sartuko litzatekeen deflaktazio berri bat barne hartzen dute, azpiko inflazioak familia guztientzat dituen ondorioak arintzeko”, azaldu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixto - Vox-eko legebiltzarkideak lehendakariari egina, autoeskolako irakasleen prestakuntza-moduluan euskara eskatzeari buruz.

“Mugikortasun seguru eta jasangarrirako prestakuntzako goi-mailako teknikariaren” titulua ezartzen duen 174/2021 Errege Dekretua BOEn argitaratu ondoren, Euskadin ikasturte honetan bertan eskainiko da goi-mailako heziketa-ziklo hau. Urkulluk azaldu duenez, lehenengo ikastaro hau euskaraz izango da eta Hezkuntza Sailak datorren urtetik aurrera euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzeko aukera aztertuko du.

“40 urtez ezin izan dira irakaskuntza horiek euskaraz eman, eta aurrerapentzat jo dugu etorkizunean eskolak euskaraz emateko gaitasuna izango duten profesionalen oinarri bat izatea, gaztelaniaz ematen diren modu berean. Horrela, nahi duenak euskaraz jaso ahal izango ditu eskolak, horretarako prestakuntza egokia jaso duten irakasleen eskutik. Aurrerapena da”, adierazi du.

Interpelazioa, Pazis Garcia Ortega EH BIldu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, EAEko langileen soldatak babesteko Jaurlaritzak lan-harremanen euskal esparruan akordioak bultzatzeko garatuko dituen ekimenen inguruan.

Lehendakariak adierazi du Jaurlaritzaren jarrera proaktiboa dela eta babesa emango duela eta, hala behar izanez gero, alderdien arteko akordioak sustatuko dituela, “nahiz eta eragile ekonomiko eta sozialei dagokien sektore edo enpresetan ahaleginak eta etekinak nola banatzen diren hitzartzea, sinatu diren hitzarmenetan egiten ari diren bezala”.

Iñigo Urkulluren arabera, Jaurlaritzak negoziazio hori erraztu behar du, premia handiena duten pertsonei laguntzeko eta prezioen igoera orokorraren ondorio negatiboak arintzeko programen eta neurrien bidez. “Horrela egiten ari gara. Neurri horiek negoziazio kolektiboaren aldeko egiten laguntzen dute”, adierazi du.

Errenten itunari dagokionez, Iñigo Urkulluk esan du proposamen hori ahalegin laudagarria eta desiragarria dela, baina ez du ezkutatu erronkaren zailtasuna. Nolanahi ere, itun orokor bat lortu edo ez, Lehendakariak azpimarratu du Euskadin negoziazio kolektiboa osatzeko eta gure errealitatera egokitzeko gaitasuna eta tresnak daudela. “Badugu lan-harremanetarako euskal esparru bat. Hiru alderditako negoziazio-tresnak eta -foroak ditugu, hala nola Gizarte Elkarrizketarako Mahaia. Gune horiek sendotzeko beharra aldarrikatzen dugu, eta ez erabiltzea erabaki duten sindikatuei dei egiten diegu, hitz egiteko, negoziatzeko eta adosteko eseri daitezela mahaian. Hori da modurik onena gure Lan Harremanen Esparrua indartzeko”, esan du.

Galdera, Laura Garrido Knörr euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak  lehendakariari egina, euskal osasun publikoaren egoera delikatuari buruz.

Lehendakariak ziurtatu du osasuna lehentasuna dela Eusko Jaurlaritzarentzat, eta, horregatik, ahalegin handia egiten ari dela zerbitzu publikoaren mailari eusteko, oso egoera zailean. “Ez gara baliabideak galtzen ari, batez ere osasun publikoan”, adierazi du.

Zailtasunak zailtasun, Urkulluk nabarmendu du Euskadi dela osasun-zerbitzu publikoan gehien inbertitzen duen erkidegoa, eta “Osasun Publikoaren Defentsarako Federazioak EAEko osasun publikoa aitortu du Estatuko zerbitzurik onena dela”. Hala ere, pandemiaren aurreko egoera berreskuratzeko hobetzeko tartea badagoela onartu du,  lehen mailako arreta lehentasuna delarik.

Hala, azaldu du Osakidetza lanean ari dela Lehen Mailako Arretako Estrategiaren Berrikuspena egiteko, Erakunde Sanitario Integratuetako 40 profesionalek osatutako talde baten parte-hartzearekin. “Urtea amaitu baino lehen, Osasun Batzordeari bidaliko zaio proposamena, azter dezan. Gai hori Herri-akordio baten ikuspegitik lantzeko oinarria izango da”, esan du.