Martxoaren 2an jarri zen indarrean 4/2022 Legea, otsailaren 25ekoa, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak gizarte- eta ekonomia-kalteberatasuneko egoeren aurrean babesteari buruzkoa. Lege honek kontsumitzaile kalteberaren figura txertatu du azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bateginean.
Kontsumitzaile kalteberaren erregulazioa 2021eko urtarrilean sartu zen legerian, baina oraingo honetan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Lege Orokorraren Testu Bateginean sartu da, eta arreta handiagoa ematen zaio kontsumitzaileei helarazten zaien informazioaren eskuragarritasunari eta irisgarritasunari. Aldaketa berri horrek kalteberatasunaren kontzeptua alderdi ekonomikoetatik haratago hedatzen du, eta aldi baterako edo sektoreko kalteberatasuna aitortzen du. Hau da: pertsona bat kaltebera izan daiteke bere adinagatik, kokapen geografikoagatik, biztanleria-talde jakin bateko kide izateagatik, gai jakin bati dagokionez, sektore eta denbora-ingurune jakin batean agertzen den kalteberatasun bati dagokionez, etab.
Atzera egiteko eskubidearen kasuan, kalteberatasun-egoeran dauden kontsumitzaileentzako froga-karga errazten da, eta nahikoa izango da alderdi batek epe barruan baieztatzea eskubide hori baliatu izana.
Aldaketa horrek Estatuko hizkuntza koofizialak indartzea ere badakar; izan ere, hainbat artikulutan jasotzen den bezala, kontsumitzaileei ematen zaien informazioak gaztelaniaz egon beharko du gutxienez, eta edozein alderdik eskatuta, kontratua egiten den tokiko beste edozein hizkuntza ofizialetan ere idatzi beharko da.
Bidaia konbinatuen kasuan, aldatu egiten da araudia, txikizkako enpresek eta handizkako enpresek kontsumitzailearekiko duten erantzukizunari dagokionez: aurrerantzean, erantzukizuna ez da solidarioa izango, eta handizkariaren eta txikizkariaren artean banatuko da, bidaia antolatzeko kudeaketa-eremuaren arabera. Nolanahi ere, kontsumitzaileak handizkariari zein txikizkariari egin ahal izango die erreklamazioa.
Azkenik, azpimarratu behar da hirugarren xedapen gehigarriak gobernuari agintzen diola pertsona kalteberenak eta, bereziki, finantza- eta banku-jarduerari dagokionez adinekoak gizarteratzen laguntzeko neurriak sustatzeko, baina neurri horiek Espainiako Bankuarekin eta kreditu-erakundeekin adostu beharko ditu.