Kable bidezko garraioari buruzko Legearen proiektua onartzea (Gobernu Bilera 2022-2-8)

fotoconsejo.jpg

2022-02-08

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak Kable bidezko Garraioari buruzko Legearen proiektua onartu du gaur. Proiektuak erregulatu egiten ditu EAEn pertsonen kable bidezko mugikortasuna ahalbidetzen duten instalazioen proiekzioa, eraikuntza, zerbitzuan jartzea eta ustiapena, eta Legebiltzarrera bidaliko da eztabaidatu dezan. 

Legearen proiektuak, funtsean, lehendik dauden funikularrei eta, hala badagokio, etorkizunekoei eragiten die, baita, xedapen gehigarri bat sartuta, administrazio-emakidaren araubidean ustiatzen diren zerbitzu publikoko igogailuei ere. Azken horietarako, udalen subrogazioa ezartzen da, erakunde emaileak diren heinean; izan ere, zerbitzua hiritarra baita. Subrogazio horren baldintzak ukitutako administrazioen arteko hitzarmen baten bidez zehaztuko dira. 

Beste garraiobide batzuk ere erregulatzen ditu, hala nola teleferikoak edo teleskiak. Bere ekintza-eremutik kanpo geratzen dira nekazaritzako edo basogintzako instalazioak, mendiko aterpeei zerbitzua ematen dietenak edo aisialdira edo industria-jardueretara zuzendutakoak. Salgaien garraioari buruzko arauek araudi espezifikoa izango dute.   

Testuak EAEtik osorik igarotzen diren zerbitzuak ditu ardatz, eta helburu du instalazio horien segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea, erabiltzaileen eskubideak babestea eta ingurumenaren jasangarritasuna sustatzea. Mota horretako zerbitzuak 1987ko eta 1964ko legeen bidez arautzen dira gaur egun. Egoera horrek eguneratze bat eskatzen zuen, Europako erregelamendu eta zuzentarauen testuinguru berriari eta ordutik izan diren berrikuntza teknologikoei erantzuteko. Babes kulturala duten funikularren kasuan, Legearen proiektuak nabarmentzen du “babesa merezi dutela eta arreta berezia behar dutela, horiek segurtasunaren eta irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudira egokitzeko garaian”. 

Artikuluen arabera, Eusko Jaurlaritzak agindu, kudeatu, ikuskatu eta zehatuko ditu hiriarteko edo 50.000 biztanletik beherako udalerrietako instalazioak. Kopuru hori gainditzen duten udalerrietan, udalek izango dute eskumena gaikuntza-tituluak emateko, tarifen araubidea finkatzeko, etab. 

Kable bidezko garraioen instalazio- eta funtzionamendu-araubidea honela banatzen da: zerbitzu publikokotzat jotzen diren garraio publikoko instalazioak, halakotzat hartzen ez direnak eta garraio pribatuko instalazioak. Horretarako, prozedura bat ezartzen da instalazioa egikaritzeko, baimentzeko eta abian jartzeko, baita ikuskatzeko eta mantentzeko ere. 

Era berean, zehapen-araubidean, arau-hauste motaren araberako isunak ezartzen dira:

  • Arau-hauste oso larriak: 30.001 eta 150.000 euro artekoak, herritarrak arriskuan jartzen badira, edukierak errespetatzen ez badira, agindutako hobekuntzak sartzen ez badira edo zerbitzua ustiatzen ez bada, besteak beste.
  • Arau-hauste larriak: 601 eta 30.000 euro artekoak, nahitaezko azterketak ez egiteagatik edo matxurak ez jakinarazteagatik, besteak beste.
  • Arau-hauste arinak: ohartarazpena edo 600 eurorainoko isuna, garbitasunik ezagatik edo jokabide desegokia izateagatik, besteak beste.