Josu Erkoreka eta Gorka Urtaran "Don"t be Dummy " Zuk ez duzu ordezkorik" programaren saio batean izan dira Gasteizen

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzaren programa aitzindari honen helburua da gidabaimena atera aurreko adinean dauden gazteak bideko arriskuen inguruan sentsibilizatzea
  • Gazteengan adinak berezko dituen eta trafiko-istripuen arriskua areagotzen duten faktore batzuk elkartzen dira
  • Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak arazoari aurrea hartzea erabaki zuen, eta 2017an programa berritzaile hau jarri zuen abian gazteak ohartarazteko eta bide-segurtasunaren arloan kontzientziatzeko

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak lagunduta, “Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik” programaren saio batean izan dira. Bide-segurtasunaren arloan kontzientziatzeko programa aitzindari bat da eta, 3D avatar pertsonaia interaktibo baten bidez, gidabaimena atera aurreko adinean dauden (17 urte) edo laster lagunen bidaide izango diren ikasleei zuzenduta dago, bideko arriskuez kontzientziatzeko eta prebentzio-neurriak har ditzaten sustatzeko.

Euskadiko herri eta hirietan antolatzen den programa ibiltari bat da eta “Dummy Crash” irudi baten, ibilgailuen fabrikatzaileek talkak simulatzeko eta modelo berrien segurtasuna probatzeko erabiltzen duten manikiaren, bidez gazteak hausnarketa egitera gonbidatzen ditu. Pertsonaia horren bitartez errepidean izaten diren arrisku-egoera eta -emozioak irudikatzen dira, trafiko-istripuetan prebentzioak duen garrantzia agerian jartzeko.

Eszenategian, “Dummy Crash” pertsonaiarekin batera, hainbat profesionalek parte hartzen dute, besteak beste, larrialdietako teknikariek, suteak itzaltzeko teknikariek, ertzainek, udaltzainek, eta beste hainbatek. Era berean, prebentzio-lan garrantzitsu horretan trafiko-istripuen biktimek eta horien familiartekoek ere parte hartzen dute, eta lehenengo pertsonan azaltzen dituzte bizi izan dituzten esperientzia gogorrak. Horren guztiaren helburua da gidatzean jokabide egokia izateak duen garrantziaren inguruan kontzientziatzea gidabaimena atera aurreko adinean dauden gazteak.

Gaur goizeko jardunaldia Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egin da. Guztira 9 ikastetxetako 720 ikaslek parte hartu dute: Ekialde BHI, Urkide BHI, Mendizorrotza BHI, Los Herrán BHI, Presentación de María, Lakua BHI, Armentia Ikastola, Miguel de Unamuno eta Nieves Cano BHI.

Bost urteko arrakasta

Gazteengan adinak berezko dituen eta trafiko-istripuen arriskua areagotzen duten faktore batzuk elkartzen dira. Alde batetik, gazteen psikologiarekin zerikusia duten faktoreak daude eta, bestetik, gidatzeko lehenengo urteetako eskarmenturik eza dago. Arrazoi horrengatik, Eusko Jaurlaritzak arazoari aurrea hartzea erabaki zuen, eta 2017an gidabaimena atera aurreko adineko gazteei zuzendutako programa berritzaile bat jarri zuen abian.

2017ko irailaren 22tik, programa honek 38.405 ikasle eta irakasle elkartu ditu 154 saiotan, eta herri eta hiri hauek hartu dituzte saio horiek:

  • Araban (7): Amurrio, Agurain, Laudio, Guardia, Vitoria-Gasteiz, Durana eta Lapuebla de Labarca.
  • Bizkaian (27): Durango, Gernika, Ermua, Galdakao, Zornotza, Getxo, Barakaldo, Santurtzi, Bilbo, Markina-Xemein, Derio, Lekeitio, Bermeo, Sestao, Balmaseda, Leioa, Mungia, Urduña, Igorre, Ondarroa, Portugalete, Basauri, Loiu, Sopela, Abadiño, Sopuerta eta Iurreta.
  • Gipuzkoan (27): Zarautz, Eibar, Irun, Arrasate, Eskoriatza, Tolosa, Zumarraga, Bergara, Amasa-Villabona, Hondarribia, Donostia/San Sebastian, Elgoibar, Oñati, Aretxabaleta, Andoain, Ordizia, Errenteria, Azpeitia, Zumaia, Azkoitia, Lazkao, Lasarte-Oria, Mutriku, Urretxu, Urnieta, Alegia eta Hernani.

Jardunaldien bukaeran, inkesta egin zaien ikasleen % 98k adierazi dute trafiko-istripuen arrazoiez eta ondorioez gehiago jabetu direla. Horrela, esate baterako:

  • % 98,4k aitortu dute Euskadin gertatzen diren trafiko-istripuen kopuruaz eta horiek eragiten dituzten biktimez ohartu direla.
  • % 97,45k adierazi dute muineko lesio baten ondorioak ulertu dituztela.
  • % 98,8k imajinatzen dute bizitza zenbateraino aldatuko litzatekeen trafiko-istripu larri baten ondoren. Bestalde, % 98k baino gehiagok identifikatzen dituzte abiadura, alkohola eta drogak istripuen arrazoi nagusi gisa.

 

OHARRA: Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik” programaren laburpena, 2017an abian jarri zenetik hasita, biltzen duen txostena erantsi da.