Jokin BIldarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Onda Vasca irratian

2022-06-21

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean, Onda Vascako “El primer café” saioan. Bertan, hezkuntza arloko eta berak zuzentzen duen sailaren ardurako hainbat gairen inguruan aritu da sailburua.

Ikastetxean 2021-2022 ikasturteko azken astean sartuta daudela, Bildarratzek ikasturte honen balantzea egin du, hezkuntza-komunitate osoak, eta bereziki irakasleek, egin duten lan eskerga eskertzeko. Sailburuak gogorarazi duenez, nahiz eta ikasturteko azken hilabeteetan COVID-19a eskoletan ez den hainbeste nabarmendu eta ikastetxeetan hezkuntzaz eta pedagogiaz gehiago arduratzeko moduan izan duten, Gabonetako oporren aurretik 460 ikasgela ere egon ziren itxita Euskadin.

Hezkuntza sailburuak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean atzo arratsaldean egindako agerraldia ere izan du hizpide. Bertan, ganbera horretan lortutako Oinarrien Akordioari lotutako 43 ekintzak – eta horien egutegia – aletu zituen. Ildo horretan, adierazi du Hezkuntza Saila ikastetxe guztien ondoan izango dela, izan publikoak zein itunpekoak, gertatzen ari den hezkuntza-eraldaketa garrantzitsuagatik eta jaiotza-tasaren jaitsieragatik bizitzen ari diren ziurgabetasun-egoeraren aurrean. Azken alderdi horri dagokionez – jaiotza-tasa –, gertaera hori “positibo bihurtzeko” asmoa agertu du, “kalitatean hobera egiteko”.

Legebiltzarrean apirilaren 7an lortutako akordio horren harira, adierazi du Euskadiko ikastetxe guztiek uste dutela modu positiboan artatu behar dituztela beren inguruko gizarte-errealitatea eta kalteberatasuna, titulartasuna edozein delarik ere, “horrek gizarte-kohesioari laguntzen diolako”.

Etorkizuneko Hezkuntza Legearen izapidetzeaz galdetuta, sailburuak baieztatu du bere Sailak arauaren testu artikulatua osatzeko lanean aurrera egiten duela, eta berretsi du helburua dela lege-proiektua udazkenean onartzea Gobernu Kontseiluan, ondoren Legebiltzarrera bidaltzeko. Gai horren inguruan, konplizitateak ehuntzen jarraitzeko eta Legebiltzarreko taldeekin elkarlanean aritzeko borondatea agertu du. “Horregatik, gu, Sail gisa, erabat gardenak izaten ari gara Legebiltzarrera joaten garenean”. 2023ko ekainean Legeak Legebiltzarraren oniritzia izateko itxaropena agertu du.