Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Euskadi Irratian

2022-01-17

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da gaur goizean. Bertan, hezkuntzarekin eta berak zuzentzen duen Sailarekin zerikusia duten hainbat gai izan ditu hizpide.

Gabonen osteko eskolarako itzuleraz, Bildarratzek azaldu du egonkor hasi direla eskolak ikastetxeetan, oso gela gutxi itxi direlarik lehen astean. Irakasleen ordezkapenak ere egonkortuz doazela baieztatu du, nahiz eta lehen astean irakasleen 3.032 baja kudeatu eta ordezkatu behar izan diren, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Horegatik, egoera egonkor mantendu ahal izateko egiten ari diren ahaleginagatik administrazioko langileen zein hezkuntza komunitate osoaren lana eskertu nahi izan du.

Eskoletako protokoloari dagokionez, oinarri oinarrizko neurrien balioa azpimarratu du sailburuak: aireztapena, eskuak garbi mantentzea, musukoa erabiltzea eta burbuilak zaintzea. Eskola kirolean, aldiz, gogorarazi du –nahiz eta Foru Aldundien eskumena izan hau- lehiaketa soilik eten dela, eta etena ahalik eta laburrena izatea dela ahalegina, egoera epidemiologikoaren arabera, betiere. Neurri honen azken xedea, ikasleen aurrez aurreko hezkuntza bermatu ahal izatea da, Bildarratzen hitzetan.

Hezkuntza Hitzarmena

Pandemiaren kudeaketa, dena den, ez da Hezkuntza Hitzarmena erdiesteko prozesuan atzerapenik eragiten ari, eta erakunde guztiak lanean ari direla nabarmendu du: Legebiltzarra, lan-taldean jasoriko gogoetekin dokumentua osatzen, alderdi politikoak ere hizketan, eta Hezkuntza Saila berriz, eragile guztiekin solasean. Bildarratz sailburuak datu esanguratsua eman du: 2021eko irailetik abendura bitartean, berak zuzentzen duen Sailak 511 pertsonarekin izan ditu bilerak, iradokizunak jasotzeko.

Etorkizuneko Hezkuntza Legeaz galdetuta, sailburuak argitu du proiektua udazkenean Legebiltzarrera bidaltzeko moduan izango duela Jaurlaritzak. XXI. mendeko hezkuntzaren definizioa jasoko du Lege horrek sailburuaren esanetan, hezkuntzaren etorkizuneko planteamendua. Orain lantzen ari den adostasun zabalaren isla izan beharko du, gazteen eta gizartearen etorkizunaren isla.

Aurrematrikula aldia

Bestelako gaiei helduz, Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta DBHrako aurrematrikula egiteko aldia gaur ireki dela gogorarazi du Jokin Bildarratzek, hil honen 28ra arte. Azken urteetan gertatzen ari den eran, jaiotze tasen jaitsiera betean gertatuko da onarpen-prozesu hau ere. Ildo horretan, 2 urteko geletarako 400-500 haur gutxiago espero direla azaldu du. Dena den, nabarmendu du Euskadin adin horretan haurren %95 eskolatzen dela.  

Azkenik, Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaz azaldu du, Egonkortze Legearen garapenaren zain dagoela Hezkuntza Saila, hurrengo deialdirako plaza kopurua zehaztu ahal izateko, eta uda ondoren ateratzeko moduan izan daitekeela gehitu du, 1.200 plazarekin.