Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hasiera eman dio 2022-2023 ikasturteari

2022-09-08

  • 361.000 ikasle pasatxo dituela hasi da 2022-2023 ikasturtea Euskadin, unibertsitateaz besteko mailetan
  • Donostiako Intxaurrondo Hegoa ikastetxera egin duen bisitan, Bildarratzek esan du “Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea” izango dela ha

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Donostiako Intxaurrondo Hegoa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean izan da gaur goizean, 2022-2023 ikasturte berriaren hasiera dela eta. Sailburuarekin batera, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea izan dira bisitan, baita Amaia Urzelai Hezkuntzako lurralde-ordezkaria ere. Donostiako Udaletik berriz, Nekane Arzallus lehen alkateordea izan da ekitaldian.

Gipuzkoako hiriburuko Intxaurrondo auzoan kokaturik, Intxaurrondo Hegoa ikastetxe publikoak Haur eta Lehen Hezkuntzako 115 ikasle inguru ditu ikasturte honetan bere geletan (2 eta 12 urte bitartekoak). Ikastetxe eleaniztuna izatea du hezkuntza-proiektuaren ezaugarri nagusia, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz irakasten baitu. Berritasun gisa, euskara-ingelesa murgiltze goiztiarreko eredu berritzaile hori 2 eta 3 urteko geletan ere ezartzen hasiko da aurten. Gainera, proiektuetan oinarritutako metodologiaren aldeko apustua egiten du, haurren ezagutza eta interesetatik abiatuta, ikasleak ikaskuntza-prozesuan parte aktibo izan daitezen. Proiektu eta jarduera horietako asko garatzeko, adin desberdinetako ikasleek elkarrekin jarduten dute lanean. Ikastetxea dagoen kaleari ohore eginez (Baratzategi kalea), ikasleek ikastetxetik hurbil duten eskola-baratzea ere lantzen dute.

361.031 ikasle

Bertako zuzendaritza-taldea gidari zutela ikastetxea bisitatu ondoren, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ikasturte berriaren datu esanguratsuenetako batzuk azaldu ditu. Azken ikasturteetan ez bezala, Covid Protokolorik gabe ekingo zaie eskolei aurten, nahiz eta ikastetxeetan aplikatzeko gomendio orokor batzuk helarazi zaizkien.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan, 2022-2023 ikasturtea 261.031 ikaslerekin hasi da Euskadin, hau da, Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara arteko ikasleak. Zifra horrek adierazten du orotako ikasle kopurua %0,90 jaitsi dela iazko ikasturtearekin alderatuta.

Jaiotza-tasak behera egin izanaren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du, beherengo etapetan bereziki. Haur Hezkuntzan, %1,21eko beherakada izan da 0-2 urteko etapan, eta %5,51koa 3-5 urtekoen artean, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, %1,98 gutxiago izango dira aurten. DBHn eta Batxilergoan, aldiz, zifra nagusiek igoerak dituzte.

Sarea eta hizkuntza ereduak

Seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen duten sareari dagokionez -sare publikoa edo sare itundu-pribatua-, hautu hori aurreko urteetakoaren parekoa da, eta erdiek baino gehiagok egiten duten publikoaren aldeko hautua. Familien %51,1ek sare horren alde egiten du, eta % 48,9k pribatu edo itunduaren alde.

Hizkuntza-ereduei dagokienez ere, azken urteetako joerari eusten zaio: D eredua da gehien eskatzen dena ikasleen guztizkoaren artean, eta gora egiten du Haur Hezkuntzan: 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,5 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin tartean, ikasleen %82,4 daude D ereduan; B ereduan %15,1; eta A ereduan, berriz, %2,4.

Lanbide Heziketan, azken urteetan gertatzen ari den bezala, ikasleen kopuruan igoera ikus daiteke (% 2,27). Baina kontuan izan behar da Lanbide Heziketako matrikulazio-aldia ekainaren erdialdera arte irekita dagoela, eta, beraz, igoera hori are handiagoa izan daiteke oraindik.

Figura berriak

Hitza hartu duelarik, Bildarratz sailburuak azpimarratu du ikasturte honetan “hezkuntzaz, pedagogiaz eta edukiez hitz egingo dugula gehiago, ez hainbeste Covid-ari buruz”. Eta ekitaldia baliatu du hezkuntzako profesional guztiei pandemia garai honetan erakutsi duten konpromisoa eta egin duten lana eskertzeko. “Gure gizartea zorretan dago zuekin”, esan du.

Horrela bada, nabarmendu du, ikasturte hasiera honetan Covid egoera oso bestelakoa den arren, Hezkuntza Sailak baliabide gehigarriak mantentzearen aldeko apustu irmoa egin duela. Baliabide hauek hezkuntzaren kalitatea hobetzera eta berrikuntzara bideratuko dira orain. Horregatik, ikasturte berri honetan ikastetxe publiko guztiek figura berri bat estreinatuko dute, Berrikuntza arduraduna, eta gainera, orientatzaileen kopurua ere nabarmen handitu da. “Gure hezkuntza-sistema indartzen eta hobetzen jarraitzea da gure erabakia, guztion artean, elkarrizketa funtsezko tresna izanik. Baliabideak, elkarrizketa eta akordioa, euskal hezkuntzaren etengabeko hobekuntzarako”, adierazi du.

Ikasturte honetan curriculum berriak ezartzen hasiko dira etapa bakoitzeko maila bakoitietan. Gai horri dagokionez, Bildarratzek azpimarratu du konpetentzien araberako ikaskuntzak eta ikasleen etengabeko ebaluazioak protagonismo handiagoa hartuko dutela eskoletan, “hezkuntza gero eta pertsonalizatuago bateranzko bidean aurrera eginez”, ikasle bakoitzak bere hezkuntza-maila gorena lortzeko helburuz.

Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea

Euskal Hezkuntza Lege berriari dagokionez, Bildarratz sailburuak adierazi du Hezkuntza Saila testu artikulatu bat lantzen ari dela, joan den apirilean Legebiltzarrean lortutako akordioaren edukia eta espirituari eusten diena. Lege-proiektua datozen hilabeteetan Gobernu Kontseiluan onartu eta Legebiltzarrera bidaltzeko aurreikuspena egiten du Hezkuntza Sailak.

Tramitazio horrek aurrera egiten duen bitartean, Sailak hezkuntza-araudi berriak bultzatzen jarraitzen du, aipatutako akordioak ezarritako ispirituari jarraituz. Arau horien bidez jauzi kualitatiboa egin nahi da, 2023-2024 ikasturteari begira, plangintzan, antolaketan, ikasleak onartzeko prozesuan eta zuzendaritza-taldeak ahalduntzearen aldeko apustuan.

Bildarratzen esanetan, prozesu horrek eta hobekuntza guztiek hezkuntza komunitatearekin burutu beharreko etengabeko elkarlana eskatzen dute, “lan horizontala”. Horregatik, baieztatu du hasi berri den ikasturte hau “Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea” dela. Aurreko ikasturtean Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitateko kide guztiekin izan zituen bilera ugariak gogorarazi ondoren, elkarlan horretan jarraitzeko asmoa agertu du sailburuak, Euskadin Hezkuntza hobetzeko aberasgarri eta baliotsuak izan baitira.