Jokin Bildarratz: "Erantzukizun handia dugu etorkizuneko hezkuntza definitzerakoan, horixe baitago jokoan"

2022-09-16

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Onda Vascako "El primer café" saioan. Bertan, hezkuntzaren inguruko hainbat gai jorratu ditu, besteak beste, Hezkuntza Sailak jendaurrean jarri duen Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege-aurreproiektua.

Gai horri dagokionez, apirilaren 7an Legebiltzarrean lortutako akordioa sostengatzen duten talde parlamentarioek egindako lan handia gogoratu eta eskertu ondoren, Bildarratzek nabarmendu du “orain eragileei eta herritarrei entzuteko unea dela. Alegazioak helaraztea eskatzen dugu. Horiek aztertu eta bigarren testu bat egingo dugu, akordioa sinatu zuten taldeekin jorratuko duguna. Legebiltzarraren agindua errespetatu dugun ala ez aztertu ahal izango dute. Nik ez dut zalantzarik akordioarekin erabat identifikatzen dela”, baieztatu du.

Begirada zabalez

Sailburuak adierazi duenez, Euskal Hezkuntza Sisteman “pertsona adina iritzi daude. Horiek jasotzeko gai izan behar dugu, begirada zabalez aritu behar dugu, hezkuntza eraldatzeko herritarrei entzunda, eta ilusioz. Erantzukizun handia dugu etorkizuneko hezkuntza definitzerakoan, horixe baitago jokoan”.

2022-2023 ikasturte honetatik aurrera curriculum berriak ezarri ondoren gertatzen ari diren aldaketei buruz galdetuta, Bildarratzek adierazi du zenbait gaitan, konpetentzien araberako ebaluazioan kasu, euskal hezkuntza-sistemak urteak daramatzala modu horretan ebaluatzen. Sailburuak azaldu duenez, ebaluazio-modu honek, ikasgaien ezagutza murriztu beharrean, “zentzua ematen dio edukiari”, eskuratutako ezagutzak bizitza errealean erabiltzen jakitean baitago gakoa.

Horren ildotik, Bildarratzen esanetan “Euskadik hezkuntza-sistema bikaina du. Baina ez bakarrik Lehen Hezkuntzan edo Bigarren Hezkuntzan. Bikaintasuneko unibertsitate-sistema dugu, bikaintasuneko Lanbide Heziketa, erreferentea Europar Batasunean. Gure ikasleak unibertsitate horretara eta bikaintasuneko Lanbide Heziketa horretara edo ikerketa-taldeetara iristeko, aldez aurreko lan bat egin behar dugu, Haur Hezkuntzatik hasi eta goi-mailako ikasketetaraino. Datu objektibo guztiek bermatzen dute hezkuntza-sistema bikaina dugula, eta hori gure profesionalei eta familiei esker da horrela”.