Javier Hurtado sailburuak merkataritzari buruzko epe luzeko ikuspegia eskaintzen duten "Internet, sare sozialak eta ETEak" jardunaldiak inauguratu ditu

2022-05-27

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak “Internet, sare sozialak eta ETEak” Sinposioaren hirugarren edizioa inauguratu du gaur. Jardunaldietan datozen 5 urteotarako aurreikuspen teknologikoak eta sozialak aztertu dituzte nazioarteko adituek.

Sailburuak Euskadiko txikizkako merkataritzaren egoera aztertu du. Sektorea 23.100 bat establezimenduk osatzen dute, enpresa-establezimenduen % 14 inguru dira, beraz, eta guztira 82.130 enplegu sortzen ditu, biztanleria okupatu osoaren % 11.

Sailburuak gogorarazi du merkataritzak hainbat erronkari aurre egin diela eta aurre egiten diela, besteak beste, digitalizazioari eta kontsumo-ohituren eta ordainketa-moduen aldaketei, bai eta kontsumo arduratsurako joerari ere. Testuinguru horretan, egungo egoerak hainbat joera jartzen ditu agerian, atzo bertan sektorearen aurrean aurkeztu zuen merkataritzaren diagnostikoaren analisiaren arabera. Lehenik eta behin, gure gizartean arraila digital handiak, ehuneko 80 puntutik gorakoak, dituzten 5 belaunaldi bizi dira elkarrekin, eta zerbitzuen establezimenduek gero eta garrantzi handiagoa dute.

Bigarrenez, merkataritzaren joerak ikusita, beharrezkoak dira digitalizazioa eta omnikanalitatea, teknologia etengabeko bilakaeran murgilduta dagoen agertoki batean. Gaur egun gure merkataritzaren % 6k baino ez du erosketa-esperientzia omnikanala eskaintzen, nahiz eta establezimendu askok integratu duten bezeroekiko harreman birtuala (% 65etik gora), batez ere sare sozialen bidez.

Hirugarren joera hiriko habitataren aldaketa da, eta horrek rol berriak dakartza merkataritzarentzat. Sailburuak azaldu duenez, “pertsonentzat eremu publikoa berreskuratu behar dela aldarrikatu behar dugu. Datuek erakusten dute jasangarritasun-neurriek eta herriguneak oinezkoentzat uzteak dei efektua eragiten duela kontsumitzaileen artean, eta horrek eremuaren aberastasuna eta errentagarritasuna areagotzea dakartza. Eta, gainera, onura zuzena eragiten die merkataritzari eta ostalaritzari, eta hau ere eremu horretan betetzen duen eginkizunera egokitzen joan beharko da”.

Eta, azkenik, jasangarritasunak eta kontsumo arduratsuak garrantzi handiagoa hartzen dute kontzientziatutako herritarren artean, nahiz eta oraindik ere urrats batzuk eman behar dituzten kontzientziazio hori erosketa-ohituretara eramateko.

“Merkataritza-politikak eta gure lankidetza publiko-pribatuaren eredua ere aldatu eta hobetu egin behar dira agertoki berri eta disruptibo horri erantzuna emateko. Gaurkoa bezalako jardunaldiek merkataritza-sektorearen egoerari eta epe luzeko lan-ildoei buruzko analisia eta eztabaida zabaltzen laguntzen dute”, esan du amaitzeko sailburuak.