Javier Hurtado sailburuak: "Merkataritzako Bulego Teknikoak indartzen jarraitzen dugu, funtsezkoa delako teknikari espezializatuak izatea, lurraldeetatik eta udalerrietatik sektorea suspertzeko"

Argitalpen-data: 

  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok hasiera eman dio gaur Sailak antolatutako Merkataritzako Bulego Teknikoen Topaketari.

Sailburuak azaldu duenez, Euskadin Merkataritzako Bulego Teknikoen programa bat sortzearen aldeko apustua programa aitzindari eta berezi bat izan zen, hazten eta garatzen joan dena. “Ziur gaude programa dela Sailetik bultzatu behar dugun funtsezko ekintzetako bat. Izan ere, merkataritza-sektorean espezializatutako teknikariak izatea, Euskadiko lurralde osoan banatuta, tokian bertan lan eginez, beharrezkoa da sektorea suspertzeko eta gure herri eta auzoetako merkataritza dinamizatzeko”.

Sailburuak gogorarazi duenez, joan den astean aurkeztutako euskal merkataritzaren diagnostikoak merkataritzaren egungo egoera berregituraketa batena dela erakusten du eta berregituraketa horretan “inoiz baino gehiago behar du gure babesa, administrazioena, eta zuena, haiekin egunero harremanetan zaudetena”.

Horregatik, sailburuak tokiko merkataritza bultzatzeko hartutako neurriak azpimarratu ditu, besteak beste, tokiko merkataritzari laguntzeko kanpaina, merkataritzak gure bizitzari egiten dizkion ekarpenetan oinarritzen dena, ez bakarrik eskaintza eta produktu zabaletan, baizik eta tokiko garapenerako dakarren aberastasun sozialean.

Eta, batez ere, gu guztiok kontsumitzaile gisa dugun erantzukizunean oinarritzen da, non erosi erabakitzerakoan. Gure gaurko erabakiek zehaztuko dute eraiki nahi dugun gizartea, eta hori “Hemen duzu dena, dena hemen geratzen da” leman laburbiltzen da.

Sailburuak zehaztu duenez, tokiko merkataritzari laguntzeko beste neurri bat gehiago da, gehitu egiten zaiena gaur hasi eta uztailaren 3ra arteko epea duen merkataritza-bonuaren 6,4 milioiei, ehungintzako eta etxeko ekipamenduko azpisektorera bideratutako zuzeneko laguntzen 15 milioiei eta 150 milioi euroko erresistentzia-planaren parte izan diren gainerako programa eta neurriei.

Tokiko merkataritzaren kanpainak, beraz, merkataritzaren kohesio sozialaren rol ukaezinaz eta gure kale, auzo, herri eta hirietan duen eginkizun dinamizatzaileaz sentsibilizatzea du helburu. “Horretan tokiko merkataritzak funtsezko zeregina duelako. Merkataritzarekin harreman bat ezartzen dugu, non loturak bi aldeetatik sortu behar diren. Hau da, merkataria ez da berritzen eta egokitzen ahalegindu behar duen bakarra. Kontsumitzaile garen aldetik, nola eta non kontsumitzen dugun aukeratzeko askatasuna eta erantzukizuna dugu. Eta hori egitean, erabakitzen ari gara zein mundutan bizi nahi dugun”.

Sailburuak hitz egin ondoren, hainbat esku-hartze izan dira gai hauen inguruan: merkataritzari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Merkataritza Ganberen programak; turismo-bulego batek eskualde-garapenarekin duen esperientzia; proiektu arrakastatsuak, haien artean, Berrikusi Laudio; baita merkataritza-proiektuetako genero-ikuspegiarekin, sektorearen etorkizuneko kulturartekotasunarekin, eta auzo eta herrien ekonomia urbanoaren ikuspegiarekin zerikusia duten beste hainbat gai ere.

Informazio gehigarria