Javier Hurtado sailburuak: "Adimen Turistikoaren Sistema bezalako tresna berritzaileekin bultzatzen dugu Euskadin turismo-eredu iraunkor bat"

2022-10-28

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok turismoaren balantzeari buruzko galdera bati erantzun dio gaur Legebiltzarrean, azalduz “Turismoaren datuak oso positiboak dira. 3,2 milioi turistarekin, % 9 hazi gara urtarriletik irailera 2019arekin alderatuta, eta % 15,2 udako hilabeteetan, uztaila, abuztua eta iraila kontuan hartuta. Bilakaera homogeneoa izan ez bada ere, hiru lurraldeetan hazi gara eta nazioarteko turismoa berreskuratu dugu, % 7,1eko hazkundearekin covidaren aurreko zifrekin alderatuta”.

Sailburuak nabarmendu du oso berri onak direla oso gaizki pasatu duen sektore batentzat, baina azpimarratu nahi izan du ez gaudela lasterketa inkrementalista batean. “Baina ez dezagun ahaztu nondik gatozen, eta zer-nolako garrantzia duen sektorearentzat pandemiaren aurreko zifretan kokatzeak, jarduera garatzen eta enplegua mantentzen jarraitu ahal izateko”.

Alde horretatik, sailburuak nabarmendu du Euskadik turismo-eredu iraunkor bat duela, eta “azken hamarkadan finkatu dugu eredu hori. Une honetan, turismoak BPGari ekarpen txikiena egiten dion autonomia-erkidegoetako bat gara, % 6,4, Espainiako batez bestekoaren oso azpitik eta inguruko beste erkidego batzuen atzetik. Hala ere, enplegu turistikoak euskal ekonomiari egiten dion ekarpena ia % 11koa da, BPG turistiko handiagoa duten beste erkidego asko baino handiagoa. Horrek esan nahi du euskal ekonomia dibertsifikatua eta erresilientea dela, eta gure turismo-industriak garatzen jarraitzeko gaitasuna duela, balio eta kalitate fisiko hori galdu gabe”.

Sailburuak aztertu duenez, eredu hori bultzatzen jarraitzeko, proiekturik eta tresnarik berritzaileenak hartu behar dira kontuan, besteak beste berriki aurkeztu den Adimen Turistikoaren Sistema (SIT). SIT hainbat iturriren azterketa sakonean oinarritzen da, informazioa kargatu, prozesatu eta aztertzeko, eta erabilgarri bihurtzen du ezagutza hori. Sistema hori “kudeatzaile publikoen zerbitzura jartzen dugu, hau da, beste administrazio batzuen zerbitzura, baina baita sektore pribatuaren zerbitzura ere, erabaki oinarrituak hartu ahal izateko eta gure lurraldearen garapen orekatua eta lehiakortasuna areagotzen laguntzeko. Ez dugu daturik galdu behar aukerak galduko ditugulako” esanez amaitu du.

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismo-euskal-behatokia/