Javier Hurtado sailburua: "Euskadiko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuak gogortu egingo ditu pertsona kalteberak eraginpean hartzen dituzten zehapenak"  

154c0097-edf4-4323-bdac-c7b8271ddcc2.jpeg

2022-03-19

Txaro Idokilisek elkarrizketa egin dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadori Radio Vitoria irratiko “Consumidores” programan, eta sailburuak Gobernu Kontseiluak asteartean onartu zuen Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren Lege Aurreproiektuari buruz hitz egin du bertan. Lege horrek pertsona kalteberen babesa azpimarratuko du, ikuskapena eta zehapena indartuko dituzten mekanismoak gaituko ditu, eta kontsumo arduratsua bultzatuko du, kontsumo-ohitura berrietara egokituta.

Sailburuak azaldu duenez, Lege berriak “kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen defentsa sendotuko du, eta, nolanahi ere, gutxiagotasun, mendekotasun, babesgabetasun edo diskriminazioari lotutako egoera batean dauden edo kalteberatasun-egoera bat bizi duten kolektiboak hartuko ditu bereziki kontuan. Proposamenetako bat da aurretik ordua eskatu gabeko etxez etxeko salmenta debekatzea, eta horrek bereziki babestuko ditu kolektibo kalteberak”.

Aurreproiektuak, halaber, bitartekaritza-zeregina sendotuko du. Adibidez, hipoteka-betearazpenen kasuan, Kontsumobidek bitartekari-lanak egin ahal izango ditu. Era berean, enpresa-jardunbide egokien kodeak bultzatuko dira, eta Kontsumobidek haiek lantzen parte hartu ahal izango du.

Horrez gain, kontsumoko arbitraje-sistemarekiko atxikipena izango da sektore publikoan eta kontratazio publikoan aplikatu beharreko arau orokorra, eta laguntzak eta dirulaguntzak emateko garaian baloratuko da.

Badago, halaber, berritasun juridiko bat, sailburuak “jauzi kualitatibotzat” jo duena. Izan ere, Kontsumobidek kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea eta arau-hausteak eragindako kalte-galeren kalte-ordaina ematea erabaki ahal izango du enpresei ezarritako zehapenetan. Administrazio-zehapenaz gain, itzultzearen edo kalte-ordainaren zenbatekoa zehaztuko da, eta administrazioak berak ordaindu ahal izango du, kontsumitzaileen babesa sendotzeko.

Bestalde, sailburuak azpimarratu duenez, azken 3 urteetan zehapena jaso duten enpresen izenak argitaratu ahal izango dira, kontsumitzaileen informazioaren eta eskubideen babesa sendotzeko. “Jendeak informazio gehiago izatea nahi dugu”, adierazi du.