Izaroren "Libre" abestiak hasiera eman dio 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako Beldur Barik lehiaketaren edizio berri bati

2022-09-16

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak bultzatzen du Emakunderen bitartez, EUDEL eta Foru Aldundien laguntzarekin
  • Programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista eta sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzea da
  • Irailaren 19tik azaroaren 11 arte aurkeztu ahal dituzte lanak 12 eta 20 urte bitarteko gazteek
  • Sestaon aurkeztu da gaur aurtengo programa, bertan ospatuko baita abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa Izaroren parte hartzearekin

 

Beldur Barik Lehiaketaren 13. edizioari hasiera eman zaio gaur Sestaon, aurtengo Beldur Barik herrian, bi gaztek, Libe Beitia tiktokerrak eta Julen Portillo eduki sortzaileak, dinamizatu duten aurkezpen ekitaldian. Bertan Izaro artistak, bideo baten bitartez, lehiaketan parte hartzera eta Beldur barik jarrera zabaltzera animatu ditu gazteak, izan ere, Izaroren “Libre” izango baita  aurtengo edizioaren abestia. Abenduaren 2an Sestaon ospatuko den Topaketan, gainera, bere abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren gazteek.Izaroren bideoa.

Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzeko helburua du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak, Emakunderen bitartez, gidatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta laguntza du.  12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta lanak aurkezteko epea irailaren 19an hasi eta azaroaren 11an bukatuko da.

Lehiaketak indarkeria matxistaren aurka jarrera eraldatzaileak islatzen dituzten adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxista eta sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Mutilek indarkeria matxistaren aurrean duten zereginean eta erantzukizunean ere jartzen da indarra eta mutilekin lantzeko baliabideak eskaintzen dira.

Parte-hartzeko hiru kategoria daude: Lehen kategoria12-14 urte bitartekoentzat, bigarren kategoria 15-17 urte bitartekoentzat eta hirugarren kategoria 18-20 urte bitartekoentzat. Lehiaketan bakarka edo taldeka aurkezteko aukera dago. Hala, gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean aurkitu ahal dira, bai testu bai bideo formatuan.

Hauek izango dira banatuko diren sariak: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana; horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da; baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio. 

Iaz Agurain izan zen bezala, aurten Sestao izango da Beldur Barik herria. Bertan ospatuko da abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa eta bertan banatuko dira sariak. Aurten Izaro artistak, gainera, zuzenean parte hartuko du bertan.

Beldur Barik programak sare sozialak erabiltzen ditu Beldur Barik jarrera gazteei helarazteko, batez ere Instagram eta Tik Tok, eta, aurreko urteetan bezala, gazte euskaldun feminista “influencer” ezberdinek kolaborazioak egingo dituzte hauetan. Sortutako eduki eta interakzioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira, jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferenteak sortuz.