IVAPek Euskadi eta Estatuko kontratazio publikoaren sektorea bilduko du Donostian egingo den kongresu batean

IV._KONGRESUA_IMAGEN_HORIZONTAL_EU.png

2022-11-01

  • Kontratazio Publikoaren Behatokiaren IV. Kongresua egingo da azaroaren 2tik 4ra Gipuzkoako hiriburuan, eta hiru egunetan zehar administrazioan kontratazio publikoarekin lotura duten 300 pertsona inguru bilduko dira
  • IVAPek eta Kontratazio Publikoaren Behatokiak antolatzen dute biltzarra
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik inauguratuko du Donostiako Kursaalen egingo den batzarra

Kontratazio Publikoaren Behatokiaren IV. Biltzarrak Euskadiko eta Estatu osoko kontratu publikoen arloko 300 pertsona inguru bilduko ditu datorren astean Donostian. Estatuan sektore honetako hitzordu garrantzitsuenetako bat da, eta aurten, lehen aldiz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) antolatu du, Kontratazio Publikoaren Behatokiarekin batera.

Azaroaren 2tik 4ra bitartean, Donostiako Kursaala administrazio publikoetan kontratazioaren arloan lan egiten dutenen topagunea izango da. Biltzarra lau paneletan egituratuko da, bakoitzean gai bana eta hitzaldi eta mahai-inguruen formatuan, arlo horretan indarrean dagoen legearen esparruan kontratazio publikoari buruzko gaiak argitzeko eta aztertzeko. Hitzaldien eta mahai-inguruen protagonistak kontratazioaren eta lankidetza publiko-pribatuaren arloko adituak izango dira.

Guar, lehenengo panelean kontratu publikoen integritatearen, iruzurraren prebentzioaren eta gardentasunaren eskakizun berriak aztertuko dituzte. Bigarrenean, lankidetza publiko-pribatua berreskurapenerako tresna gisa eta inbertsioak eta lehia mobilizatzeko duen gaitasunari buruz eztabaidatuko da. Hizlariek gobernantza ekonomikoaren eta lankidetza publiko-pribatuaren testuinguruari eta erronkei erreparatuko diete, eta kontratazio publikoaren kalitateari. Ostegunean, hirugarren panelak erosketa publikoa izango du hizpide, politika publikoen zerbitzurako estrategia gisa; laugarren eta azken panelak, berriz, osasun sistema moderno baterako kontratu publikoak izango ditu hizpide: pazientearen arreta hobea helburu.

Biltzarra Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak irekiko du, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Diputatuarekin eta Eneko Goia Donostiako Alkatearekin batera.

Inaugurazio hitzaldia Pascual Salak, Auzitegi Konstituzionaleko presidente ohiak, Auzitegi Goreneko presidente ohiak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidente ohiak emango du. Amaierako konferentzia Cani Fernandez Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko presidenteak emango du.