Irune Muguruza: "Eusko Jaurlaritzak umeenganako indarkeriaren aurka duen ekintza-ildo hirukoitzak Haur eta Nerabeen Lege Aurreproiektua, haren EAEko Estrategia eta Euskadiko Barnahus Proiektua ditu oinarri"

d.jpg

2022-06-29

  • Familia eta Haurren zuzendariak UPH/EHUren “La entrevista forense para la prueba preconstituida de niños, niñas y adolescentes víctimas de violencia” Uda Ikastaroan parte hartu du
  • “Barnahus proiektuak ume eta nerabeen interesa lehenesten du, sistemara sartzeko ate bakarra du eta erantzun arina emateko bide ematen du”

Donostia / St Sebastian, 2022 06 29

Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Familia eta Haurren zuzendariak gaur goizean honako hau esan du: “haur edo nerabeenganako indarkeria adingabeak haien eskubideez eta ongizateaz gabetzen dituen, haien garapen fisiko, psikiko edo sozial antolatua mehatxatzen duen edo haietan eragiten duen ekintza, omisio edo tratu zabar oro da, horretarako modua eta egiteko baliabidea gorabehera, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez eginikoa barne, bereziki indarkeria digitala”.

Muguruzak UPH/EHUren “La entrevista forense para la prueba preconstituida de niños, niñas y adolescentes víctimas de violencia Uda Ikastaroan parte hartu du. “Eusko Jaurlaritzak indarkeria mota horren aurka duen ekintza-ildo hirukoitzak Haur eta Nerabeen Lege Aurreproiektua, haur eta nerabeenganako indarkeriaren aurkako EAEko Estrategia eta Euskadiko Barnahus Proiektua ditu oinarri”, esan du Irune Muguruzak, gaian aditua den pertsona-talde baten aurrean.

Familia eta Haurren zuzendariak xehetasunez aipatu du Euskadiko Barnahus Proiektua; “izan ere, Nazio Batuen eta Europako Kontseiluaren gomendio bat da. Ereduaren eraginkortasunaren ebidentzia klinikoa eta enpirikoa daude, eta azterlanek adierazten dute esku-hartze judiziala arintzen eta antzemandako kasu kopurua, atxiloketak eta epaitzeak eta kondenak areagotzen laguntzen dutela".

Hobekuntzak

“Gainera –esan du Muguruzak–, hobekuntza esanguratsuak ekar diezazkioke sistemari EAEn, lehenetsi egiten du ume eta nerabeen interesa, sistemara sartzeko ate bakarra izatea dakar, kasuen jakinarazpena errazten du, erantzun arina emateko bide ematen du, sistemen arteko benetako koordinazio eraginkorrerako bide ematen du, diziplina anitzeko arreta integrala bermatzen du, prestakuntza espezializatua duten profesionalen kargura eta ebaluaziorako eta esku hartzeko prozedura eta teknika eraginkorrak eta enpirikoki balioztatuak aplikatzen direla ziurtatzen du”.

EAEn abian jarriko den lehen Barnahus programaren zuzendariak esan duenez, “kalitateko arreta publikoa eta unibertsala eskainiko du; umeek eta nerabeek entzunak izateko eta informazioa eskuratzeko duten eskubideari erantzungo zaio; familiei laguntza eta babesa eskainiko zaie; eredua etengabe monitorizatzeko sistema bat izango du, eta ezagutza trukatzeko Europako eta nazioarteko sareetan sartuko gaitu, hala nola PROMISE sarean”.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, egunotan, Barnahus etxerako lantalde teknikoa eratzen ari da lanean, hiru erakunde-mailetako gizarte-zerbitzuekin. Justiziaren arloan, fiskaltzak eta adingabeen epaileak, instrukzio-epaileak, auzitegi-medikuntzako institutuak eta talde psikosozial judizialek parte hartzen dute. Osasunaren arloan, taldeko beste eragile batzuk: ospitaleetako larrialdi pediatrikoak; segurtasunaren arloan, Ertzaintza –lurralde-mailako ikerketa, etxeko indarkeria eta genero-indarkeria– eta Vitoria-Gasteizko udaltzaingoa haurren unitatearekin.  Berritzegune nagusiak, hezkuntza-ikuskaritzarenak, eta Abokatutza Elkargoak osatzen dute taldea.

Esperientzia pilotua

“Urte-amaieran edo hurrengo urtearen hasieran Araban esperientzia pilotua abian jartzea aurreikusten dugu, eta Barnahus esperientzia Bizkaira eta Gipuzkoara zabaltzea, eta Haur eta Nerabeen Lege Aurreproiektuan Barnahus etxeak sartzea”, esan du Irune Muguruzak.

UPH/EHUren “La entrevista forense para la prueba preconstituida de niños, niñas y adolescentes víctimas de violencia” Uda Ikastaroa Beatriz Artolazabal sailburuak inauguratu du, gaur goizean, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin eta Carmen Adán EAEko fiskal nagusiarekin batera, eta ostiralera arte izango da; orduan itxiko du Eugenio Artetxe Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia zuzendariak.