INFORMAZIO-OHARRA, SND/413/2020 AGINDUA APLIKATZEAREN ONDORIOZ LABURTUTAKO IAT EPEA ITZULTZEARI BURUZKOA

itv.jpg

2022-09-23

2022ko irailaren 27an jarri da indarrean irailaren 13ko 750/2022 Errege Dekretua, Ibilgailuen azterketa teknikoa arautzen duen urriaren 23ko 920/2017 Errege Dekretuaren 3. artikulua eta I. eranskina aldatzen dituena.

750/2022 Errege Dekretu hori eman da SND/413/2020 Agindua aplikatzearen ondorioz ikuskapen teknikoko ziurtagirien baliozkotasunean murriztutako egunak itzultzeko, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin baitu Agindua.

Itzulketa horrek SND/413/2020 Agindua aplikatu zitzaien ibilgailuei baino ez die eragiten, hau da, 2020ko martxoaren 14tik 2020ko ekainaren 20ra bitarteko epemuga zuen ikuskapen teknikoko ziurtagiri bat izan zuten eta, SND/413/2020 Aginduaren bidez emandako luzapenaren arabera, 2020ko abenduaren 30a baino lehen ikuskatu ziren ibilgailuei, data horretan utzi baitzitzaion Agindu hori aplikatzeari.

Itzulketa behin bakarrik egingo du ITV-IAT estazioak, 2022ko irailaren 27tik aurrera aldizkako ikuskapena egiten zaionean ibilgailuari. Ikuskapen horren ondoriozko ikuskapen-ziurtagiriari, itzuli beharreko egunak gehituko zaizkio.

Ikuskapen-ziurtagiri berriaren baliozkotasuna zenbat egunetan luzatu behar den kalkulatzeko, kontuan hartuko da SND/413/2020 Aginduaren arabera emandako ziurtagiria ikuskapen-epe arruntekiko zenbat egunetan murriztu zen.

Itzulketa behar bezala egiten dela ziurtatzeko, garrantzitsua da eragindako ibilgailuen titularrak, aldizkako ikuskapena egitera doazenean, nahitaezko dokumentazio guztiarekin eta dauzkaten ikuskapen-ziurtagiri eta-txostenekin joatea.

750/2022 Errege Dekretu honetan aurreikusitako itzulketa ez zaie aplikatuko administrazio-errekurtso edo -erreklamazioak baiestearen ondorioz epe hori jada itzuli zaien ibilgailuei.

Era berean, Errege Dekretua ez zaie aplikatuko SND/413/2020 Aginduaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren ibilgailuei; horien artean daude COVID-19ak izan duen eraginari aurre egite aldera garraio- eta etxebizitza-arloko ekonomia suspertzeko neurriei buruzko uztailaren 7ko 26/2020 Errege Lege Dekretuaren mende daudenak. Errege Lege Dekretu horren aplikazio-eremuan sartzen dira 2020ko ekainaren 21etik abuztuaren 31era bitarteko baliozkotasuna zuen ziurtagiri bat izan zuten ibilgailuak.

Azkenik, kontuan hartu behar da itzulketak ez duela inola ere ekarriko Europako araudian aurreikusitako mugak gainditzen dituzten ziurtagiriak ematea (2014/45/EB Zuzentarauaren 5. artikulua). Hauek dira:

a) M1 eta N1 kategoriako ibilgailuak: Lau urtera arte salbuetsita, eta, hortik aurrera, bi urtean behin;

b) Taxi edo anbulantzia gisa erabilitako M1 kategoriako ibilgailuak, M2, M3, N2, N3, O3 eta O4 kategorietako ibilgailuak: Urtean behin;

c) T1b, T2b, T3b, T4.1b, T4.2b eta T4.3b kategorietako gurpildun traktoreak, bide publikoan erabiltzen direnak, errepideko merkataritza-garraiorako, batez ere. Lau urtera arte salbuetsita, eta, hortik aurrera, bi urtean behin.

750/2022 Errege Dekretuaren aplikazio praktikoa errazago ulertzeko, zenbait kasu ezarri dira, soilik adibide gisa:

  • adibidea: 10 urtetik gorako turismo-ibilgailua (M1 kategoria) [aldizkako azterketa urtero]. Ikuskapen-ziurtagiria 2020ko martxoaren 15ean iraungitzen zen, baina, luzapenaren ondorioz, baliozkotasuna 2020ko abuztuaren 5era arte luzatu zitzaion. 2020ko abuztuaren 5ean, aldizkako ikuskapena egin zitzaion ibilgailuari, eta 2021eko martxoaren 15era arteko baliozkotasuna zuen ziurtagiria eman zen, hau da, baliozkotasuna 143 egunetan murriztua (2021eko abuztuaren 5ekiko). Ordutik, ibilgailua aldizkako ikuskapenetara joan da, dagozkion epeetan, eta denak gainditu ditu aldeko txostenarekin. Azkenik, ibilgailua 2023ko martxoaren 15ean ikuskatuko da, eta aldeko txostena lortzen badu, 2024ko abuztuaren 15a arteko ikuskapen-ziurtagiria emango zaio (hau da, urtebete + 143 egun).
  • adibidea: 10 urtetik gorako turismo-ibilgailua (M1 kategoria) [aldizkako azterketa urtero]. Ikuskapen-ziurtagiria 2020ko apirilaren 20an iraungitzen zen, baina, luzapenaren ondorioz, baliozkotasuna 2020ko urriaren 19ra arte luzatu zitzaion. 2020ko urriaren 19an, aldizkako ikuskapena egin zitzaion ibilgailuari, eta 2021eko apirilaren 20ra arteko baliozkotasuna zuen ziurtagiria eman zen, hau da, baliozkotasuna 182 egunetan murriztua (2021eko urriaren 19arekiko). Ordutik, ibilgailua aldizkako ikuskapenetara joan da, dagozkion epeetan, eta denak gainditu ditu aldeko txostenarekin. Azkenik, ibilgailua 2023ko apirilaren 20an ikuskatuko da, eta aldeko txostena lortzen badu, 2024ko urriaren 19a arteko ikuskapen-ziurtagiria emango zaio (hau da, urtebete + 182 egun).
  • adibidea: Lau urtetik gorako baina hamar urtetik beherako turismo-ibilgailua (M1 kategoria) [aldizkako azterketa bi urtean behin]. Ikuskapen-ziurtagiria 2020ko maiatzaren 3an iraungitzen zen, baina, luzapenaren ondorioz, baliozkotasuna 2020ko azaroaren 18ra arte luzatu zitzaion. 2020ko azaroaren 18an, aldizkako ikuskapena egin zitzaion ibilgailuari, eta 2022ko maiatzaren 3ra arteko baliozkotasuna zuen ziurtagiria eman zen, hau da, baliozkotasuna 199 egunetan murriztua (2022ko arazoaren 18arekiko). Aldizkako ikuskapena egingo zaio ibilgailuari 2024ko maiatzaren 3an, une horretan hamar urte baino gutxiago dituelarik. Demagun aldeko txostena lortzen duela. Ikuskapen-ziurtagiriak 2026ko maiatzaren 3ra arteko baliozkotasuna izango du; izan ere, 750/2022 Errege Dekretuak ezartzen baitu, Europako araudiarekin bat etorriz, lau urtetik gorako m1 kategoriako ibilgailuen kasuan, ikuskapen-ziurtagiriek ezin dutela bi urtetik gorako baliozkotasunik izan.
  • adibidea: Bost urtetik gorako turismo-ibilgailua (M1 kategoria) taxi bezala erabilia [aldizkako azterketa sei hilero]. Ikuskapen-ziurtagiria 2020ko apirilaren 12an iraungitzen zen, baina, luzapenaren ondorioz, baliozkotasuna 2020ko urriaren 5ra arte luzatu zitzaion. 2020ko urriaren 4an, aldizkako ikuskapena egin zitzaion ibilgailuari, eta 2020ko urriaren 12ra arteko baliozkotasuna zuen ziurtagiria eman zen, hau da, baliozkotasuna 174 egunetan murriztua (2021eko apirilaren 4arekiko). Ordutik, ibilgailua aldizkako ikuskapenetara joan da, dagozkion epeetan, eta denak gainditu ditu aldeko txostenarekin. Aldizkako ikuskapena egingo zaio ibilgailuari 2022ko urriaren 12an, eta aldeko txostena lortzen badu, 2023ko urriaren 3a arteko ikuskapen-ziurtagiria emango zaio (hau da, 6 hilabete + 174 egun).
  • adibidea: 10 urtetik gorako furgoneta (N1 kategoria) [aldizkako azterketa sei hilero]. Ikuskapen-ziurtagiria 2020ko martxoaren 15ean iraungitzen zen, baina, luzapenaren ondorioz, baliozkotasuna 2020ko abuztuaren 5era arte luzatu zitzaion. 2020ko abuztuaren 5ean, aldizkako ikuskapena egin zitzaion ibilgailuari, eta 2020ko irailaren 15era arteko baliozkotasuna zuen ziurtagiria eman zen, hau da, baliozkotasuna 143 egunetan murriztua (2021eko otsailaren 5arekiko). Ordutik, ibilgailua aldizkako ikuskapenetara joan da, dagozkion epeetan, eta denak gainditu ditu aldeko txostenarekin. Aldizkako ikuskapena egingo zaio ibilgailuari 2023ko martxoaren 15ean, eta aldeko txostena lortzen badu, 2024ko otsailaren 5a arteko ikuskapen-ziurtagiria emango zaio (hau da, 6 hilabete + 143 egun).

 Dokumentu hau informatzeko baino ez da, eta ez dauka balio juridikorik.