Industriak dinamismo handia erakutsi zuen urtarrilean eta otsailean euskal aireportu eta hotel-establezimenduen datuek hobera egin zuten, Astekonomiak gaur jasotzen duenez

2022-03-25

Hurrengo asteetan saihestezina dena ikusi arte, hau da, Ukrainako gerrak adierazle ekonomikoetan duen eragina, Astekonomiak hainbat sektoretan urte hasierako egoeraren argazkia jasotzen du gaur.

Adibidez, Industriak bizitasun handia erakutsi zuen urtarrilean. INEk argitaratutako informazioaren arabera, industria alorreko negozio zifra % 29,5 hazi zen urtarrilean, aurreko urteko emaitzarekin alderatuta. Igoera bikain horri esker, aurtengo indizea aurreko hamabi urteetako hilabete berekoak baino gorago kokatu da.

Bestalde, hotel establezimenduetako gaualdiak hirukoiztu egin ziren aurtengo otsailean. Izan ere, 2021ean 95.000 gaualdi baino gutxiago izatetik 2022ko otsailean 318.000 baino gehiago izatera igaro zen. Hala ere, oraindik ez da lortu 2020an erregistratutako guztizkoa berreskuratzea. Aurtengo datuetan ikus daitekeenez, bezero atzerritarrak pixkanaka itzultzen ari dira.

Azkenik, Astekonomiak euskal aireportuak kemena zertxobait galtzen ari direla aztertzen du. Aurtengo otsailean, EAEko aireportuetatik igaro ziren pertsonen trafikoa aurreko urteko hilabete berekoa baino bost aldiz handiagoa izan zen. Guztira, 242.000 pertsona baino gehixeago desplazatu ziren, 2021ekoa baino askoz gehiago, baina oso urrun dago oraindik 2020an jaso ziren 400.000 bidaiarietatik.

Asteroko laburpen hau Ekonomia Zuzendaritzak egin du, «Astekonomia» izenarekin, eta minutu bateko iraupena duten bideo horien oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren zabalkundea eta jarraipena errazteko.