Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 37 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu zuten 2021ean

2022-04-20

  • Ikerbasquek 312 ikertzaile zituen 2021aren amaieran, hiru kategoriatan banatuta: 170 ikertzaile kontsolidatu, 80 ikertzaile gazte eta 62 Research Associate
  • Ikerbasque bultzatzeko egiten den esfortzu ekonomikoa eta ikertzaileek batu zuten diruari esker, zientziari lotuta dauden 1.323 profesionalen kontratazioa ahalbideratu zen
  • 2021ean lortutako emaitzek errekor berria esan nahi dute Ikerbasquerentzat, bai ikertzaile kopuru aldetik bai proiektuen lidergoa, publikatutako artikuluak edota funtsen erakarpenari dagokionez. Hau guztia dela eta, esan daiteke IKERBASQUE mundu osoko ikertzaileak erakartzeko polotzat indartu dela eta ikerketa zientifikoaren aldeko apustua errentagarria dela

 2021aren amaieran, Ikerbasquek ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 170 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 80 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 62 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.484 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan. Era berean, 8 spin-off berri sortu zituzten. Enpresa-ekimen hauen jarduerak ikerketen bidez lortutako ezagutza eta emaitzetan oinarritutako prozesu, produktu edo zerbitzu berrien ustiapena du ardatz.

Ikerbasqueko ikertzaileek 2021ean lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 37.371.894 eurokoa izan zen (2020an baino 2 miloi euro baino gehiago). Kanpoko finantzaketaz landutako 940 proiektutatik (aurreko urtean baino 128 proiektu gehiago) hamabostek ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 1.323 pertsonak lan egiten zuten Ikerbasqueko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

Ikerbasquek Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 35 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (186), italiarrak (30), alemaniarrak (14), britainiarrak (9), estatubatuarrak (9), errusiarrak (8) eta kanadarrak (6) eta, baina badira Europa, Amerika eta Asiako beste 28 nazionalitatetako pertsonak ere. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 75, emakumezkoen % 25aren aldean.

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, % 50 zientzia esperimentalen arloko espezialistak dira, % 22 medikuntza-zientzietakoak, % 15 ingeniaritza arlokoak eta % 12 giza eta gizarte zientzietako adituak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2021an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta. Aurreko honen adibidea dugu Europako Batzordeak, Ikerbasqueren ikertzaileak erakartzeko programa hautatu duela garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat. Ikerbasqueren proposamenak ebaluatu diren 148 proposamenen artean puntuaziorik altuena lortu du eta ondorioz 4 milioi euro jaso du hurrengo 4 urteetan Euskadin 36 ikertzaile berri kontratatzeko.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

IKERBASQUEko ikertzaileek egindako lanen artean eta azken urteko argitalpenik nabarmenen artean, honako hauek azpimarra daitezke:

  • Aitziber López Cortajarena Ikerbasqueko ikertzaile eta CICbiomaGUNEko zuzendari zientifikoak estrategia xume, moldaerraz eta modularra garatu zuen, aplikazio bioteknologiko eta biomedikoei zuzendutako nanomaterial hibridoen proteina multifuntzional pertsonalizatuak diseinatzeko. Haren lana Royal Society of Chemistry elkartearen Chemical Science aldizkarian argitaratu zen.
  • Iñigo Olalde UPV/EHUri atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak DNA zaharraren analisi genetikoa lideratu zuen Britainia Handian hobekien kontserbatuta dauden hilobi neolitikoetako batean. Nature aldizkarian argitaratutako analisi horrek argi utzi zuen lurperatutako pertsona gehienak familia zabal bakarreko ondoz ondoko bost belaunalditakoak zirela.
  • Jérôme Solon Biofisika Institutuan (CSIC-UPV/EHU) lanean diharduen Ikerbasqueko ikertzaileak kolideratu eta Current Biology aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera, metamorfosian gertatzen den organoen desegitea hormonek zuzendutako prozesu zehatza da. Prozesu hau ulertuz gero, argiroago ulertu ahal izango dira zahartze-prozesuak.

Helburuko zentroa

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 116 ikertzaile EHU/UPV-n lan egiten dabiltza. Gainerako 196k Deustuko eta Mondragon unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.

Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:

  • Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
  • Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
  • Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
  • DIPC - Donostia International Physics Center (Donostia)
  • Materials Physics Center (Donostia)
  • Bizkaiko Biofisika Fundazioa (Leioa)
  • BC3 - Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
  • BCAM - Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
  • BCBL - Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)

Ikerbasquek kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak eta Azti, Neiker, Tecnalia, Tecnum (Nafarroako Unibertsitatea), Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa) eta IISL/IISJ. Guztira, Euskadiko 24 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia-ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan. Euskadi I+G+b alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea da Ikerbasqueren jardunaren oinarrizko ardatza.