Ikasleen jarduera fisikoa sustatzeko laguntzak 2022-2023

Argitalpen-data: 

irudia eskolabideak dirulaguntza

Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2022-2023ko ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.

Laguntza horien helburua da honako hauek finantzatzea 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era: 

  1.  Partaidetza-proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatzera bideratuak. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta abar), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko. 
  2. Partaidetza-proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko (kultura, etnia, adina, sexua, funtzionaltasuna, etab.) errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta. 

Proiektu horiek beharko dute: 

1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu. 

2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan. 

3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera. 

c) Jarduera fisikoa familian erregularki egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.

Laguntzen onuradunak izango dira ikasleen guraso-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko Ikastetxeen Irakaskuntza Kooperatiben titularrak

Deialdiaren zuzkidura ekonomikoa ehun eta hogeita hamasei mila da (136.000) eurokoa.

Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.