IAT estazio berria Beasainen, zerbitzua Gipuzkoako udalerri ugaritara hurbiltzeko

IMG-20221118-WA0000.jpg

2022-11-18

  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, Itevelesa Taldearen bitartez, Ibilgailuen Azterketa Teknikoko hirugarren estazioa jarri du martxan Gipuzkoan, probintziako ibilgailuen % 15i baino gehiagori zerbitzua emateko
  •  Gune berria Iturralde-txiki industrialdean dago, Sasieta Mankomunitatearen ondoan, Beasainen (Gipuzkoa). (GI-2632 errepidea. Irteera: Zabortegia, Korosti Materialak enpresa ondoan)

Funtzionatzen hasteko data: 2022ko azaroaren 18a.

Zerbitzuak eta eragin-eremua

IAT estazio berria azken ikuskapen-teknologia, azken belaunaldiko ekipoak eta digitalizazio-maila gorena erabiliz diseinatu da, eta instalaziorik modernoenak biltzen ditu. Horrela, ikuskapen-prozesuetan ahalik eta arintasun handiena bermatuko da, baita segurtasun osoa ere.

Dituen hiru ikuskapen-lerroetatik bat ibilgailu arinentzat da (turismoak), eta beste biek mota guztietako ibilgailuak ikuskatzeko aukera ematen dute, industria-ibilgailu astunak barne; gainera, motorrak eta ziklomotorrak ikuskatzeko gune espezifikoa du. Horrek esan nahi du teknikariek Beasainen egin ahal izango dutela edozein ibilgailu mota eta kategoriari dagokion azterketa.

Instalazio berriek 45 udalerri inguruko herritarrei on egingo diete, estazio berriari esker denbora eta distantzia aurreztuko baitute joan-etorrietan. Honako udalerri hauek izango dute onura zuzena: Abaltzisketa, Alegia, Altzaga, Altzo, Amezketa, Arama, Ataun, Azpeitia, Baliarrain, Beasain, Beizama, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Orendain, Ormaiztegi, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.

Ordutegia, hitzordua eta prezioak Beasaingo IATen

Hasiera batean, IAT estazio berriak astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; larunbatetan, ordea, ordutegia 09:00etatik 14:00etara izango da. Hitzordua itevelesa.com webgunean edo 983089090 telefonoan egin daiteke. Zerbitzuaren beharren arabera, ordutegi hau luzatu daiteke.

Euskadin Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren prezioak bateratuta daude estazio guztietarako, eta argitaratu egin dira. Gasolinako edo ibilgailu arin baterako IAT batek, adibidez, 51,62 €-ko prezioa du, diesel ibilgailu baterako kostua 53,72 €-koa da eta elektriko baterako kostua 49,72 €-koa.