Hezkuntza Sailak urtebetean luzatu du Doktoretza Ondoko Programako kontratuen iraupena

2022-06-24

  • Kontratuek gehienez 3 urteko iraupena izan beharrean 4koa izango dute
  • Hezkuntza Sailak %25 handitu du programara bideratutako aurrekontua, 3,8 milioi euroko kopurura iristen da
  • Eskaerak aurkezteko epea: uztailaren 5etik abuztuaren 4ra (biak barne)

Hezkuntza Sailak luzatu egin du, gehienez lau urteko iraupena izatera arte, Ikertzaile Doktoreen Hobekuntzarako Doktoretza-ondoko programan parte hartzen duten ikertzaileen kontratuen iraupena. Nahiz eta ez izan bakarra, horixe da doktoretza-ondoko laguntzak ematen dituen deialdiak 2022-2023 ikasturterako dakarren berritasun nagusia. Deialdia Gobernu Kontseiluaren azken bileran izan da onartua, ekainaren 21ean.

2022-2023 ikasturterako 3.837.500 euroko zenbatekoa daukan programa honek (aurrekoak baino %25 gehiago) doktoretza-ondoko lehen fasean dauden ikertzaileen hobekuntzarako bide bat eskaintzen du. Doktoreak lan-kontratua sinatu beharko du ikerketan diharduen euskal entitateren batekin. Entitate hau izan daiteke unibertsitatea, ikerketa zentroa edo osasun arloko ikerketarako institutua, I+Gean egiaztatutako jarduna duena. Ezarpen-zentro honek egoitza Euskadin izan beharko du eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen agente gisa egiaztatuta egon beharko du.

3 urtetik 4ra luzatzea

Karrera zientifikoaren aurrera egiten laguntzea indartzeko helburuz, eta itzulera-fasea sendotzeko asmoarekin, 2022-2023 ikasturterako deialdiaren berritasun nagusia programa beste urte betez luzatzea da. Hau da, orain arte gehienez hiru urtekoa izan zitekeen doktoretza ondoko programa (lehen urteko kontratua + bi berritze) lau urtekoa izango da gehienez (lehen kontratua + hiru berritze). Horrela, sendotu egiten da ikertzaileek atzerrian eskuratutako ezagutza Euskadiko ezarpen-zentrora itzultzeko fasea, prestakuntza beste proiektu interesgarri batzuekin lotzeko aukera emanez. Horretarako, Hezkuntza Sailak deialdi honetarako aurrekontua % 25 igo du, 2021-2022ko deialdiarekin alderatuta.

Gorago aipaturiko ezarpen-zentroren batekin lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna. Baina ezarpen-zentro horrez gain, doktoreak atzerriko zentro bat ere izango du, eta bolada baterako hara lekualdatuko da bere ikerketa lana burutzera. Atzerriko zentroak ere unibertsitate edo ikerketa-zentroak izango dira.

Kontratua sinatzearekin, laguntza emateko arrazoi izan den ikerketa-proiektua esklusibotasunez egiteko konpromisoa hartzen du doktoreak. Kontratu honen iraupena urtebetekoa izango da, baina urtebeteka luzatu ahal izango da berrituz gero, gehienez ere 48 hilabete arte.

48 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da gehienez, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa  utzita,  ikerketa-proiektu  bat  gauzatzeko.  Bigarren  fasea,  24  hilabetekoa  izango  da gehienez; fase horretan, ikertzailea Euskadiko ikerketa-talde batean sartuko da. Lehen bi urte horietan laguntzaren onuradunak atzerriko zentrora urtean joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko osagarri bat izango du. Era berean, 2021az geroztik, alokairu-gastuetarako laguntza osagarri bat ematen zaie onuradunei lehen bi urteetan, atzerriko joan-etorrien eta egonaldien eragin ekonomikoa murrizteko.

Programan parte hartu eta laguntzak jaso nahi dituzten pertsonek, laguntza berri gisa edo berritze gisa, uztailaren 5etik abuztuaren 4ra bitartean egin ahal izango dituzte eskabideak, biak barne.

Laguntzak handitzea

Euskadirako itzulera aldia urtebetean handitzeaz gain, %9 hazi da Doktorego ondoko ikertzaileak kontratatzeko laguntza ere, Ikerbasque ikertzaileen soldata erreferentziatzat hartuta. Neurri honen helburuak dira: atzerriko esperientzia izan duten onuradunen ordainsariak hobetzea, programaren erakarpena bultzatzea, lekualdatutako euskal herritarren itzulera-politika indartzea eta hauek euskal zientzia-sisteman integratzea.

Azkenik, plaza kopurua handitu egin da, desgaitasuna duten pertsonentzako kupo bat barne, desgaitasuna duten pertsonek ikerketa-karreran dituzten beharretara doitzeko eta egokitzeko arrazoizko neurri gisa, aukera-berdintasuna bermatuz eta desgaitasun-arrazoiengatiko diskriminazioari aurre eginez.

Lau lerro

Lau jarduera-lerro ditu programak. Bi lerro ikerketa orokorreko eremuan (laguntza berriak edo laguntza-berritzeak) eta beste bi lerro, berariazko ikerketaren eremuan (laguntza berriak edo berritzeak):

  • Ikerketa orokorreko eremua (laguntza berrien lerroa), ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 1.096.108 euro gordetzen dira lerro honetarako.
  • Ikerketa orokorreko eremuan (laguntza-berritzeen lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Zenbateko osotik 2.571.060 euro bideratzen dira lerro honetara.
  • Berariazko ikerketan (laguntza berrien lerroa) ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 126.574 euro gordetzen dira lerro honetarako.
  • Berariazko ikerketan (laguntza-berritzeen lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Zenbateko osotik 758  euro bideratzen dira.

 

LERROAK

GUZTIRA (€)

Laguntza berriak (ikerketa orokorra)

1.096.108,00

Laguntzak berritzea (ikerketa orokorra)

2.571.060,00

Laguntza berriak (ikerketa espezifikoa); neutronika eta hezkuntza

126.574,00

Laguntzak berritzea (ikerketa espezifikoa)

43.758,00

Guztira

3.837.500,00

 

Ikerketa orokorreko laguntzak, honako ezagutza-arlo hauetako doktoretza-ondoko ikerketak burutzeko eskatu ahal izango dira: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; edo Gizarte Zientziak eta Humanitateak.

Hezkuntza eta neutronika arloetako ikerketa

Berariazko ikerketaren eremuan, datorren 2022-2023 ikasturterako deialdi honek neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko diru-laguntza lerroari eusten dio. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko abagunea ere eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko. Ekimen hau, gainera, ikerketa estrategikoak bultzatzeko Hezkuntza Sailaren Ikur Estrategia berriaren baitan kokatzen da.

Neutronikarekin batera, deialdi honetan eusten zaio -berariazko ikerketa eremuaren barruan- Hezkuntza arloari ere ikerketa-ildo gisa. Helburua hezkuntzaren arloko ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzea da, hala nola digitalizazioa (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea STEAM proiektuen bidez; edo kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta. Arlo hau balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da I+G+b-ren etorkizunerako, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan.

62 ikertzaile

2021-2022 ikasturte honetan, 62 euskal ikertzaile dira doktoretza-ondoko laguntza hauen onuradun: horietatik 21 ikertzaile, onuradun berriak dira, eta gainerako 41 ikertzaileek laguntza berritu egin dute. Deialdiari esker, 2022-2023 ikasturtean 29 ikertzaile berri kontratatzea ahalbidetuko da (hau da, aurreko deialdiarekin alderatuta % 3,57 gehiago), bai eta doktoretza ondoko 58 kontratu berritzea ere; hala, programak 87 ikertzaile izango ditu jardunean ikasturte berrian.

Programa honen bidez, Hezkuntza Sailak ikertzaileen prestakuntzan kalitatearen eta eraginkortasunaren aldeko apustua egiten duen eredu bat sustatu nahi du. Era berean, urtero ebaluatu daitekeen lan-kontratu baten bidez, ikertzaileak mundu profesionalaren errealitatera hurbiltzen ditu, eta zientziaren eta teknologiaren alorrean  ikertzaile belaunaldi berri bat sortzea sustatzen du. Programak, funtsezko lau elementu ditu oinarrian: belaunaldien arteko erreleboa; Euskadiko I+G+bren jarraikortasuna; nazioartekotzea eta bikaintasunezko ikerketa eremu berriei bultzada ematea.