Hezkuntza Sailak 7 milioi euro bideratu ditu ikastetxe publikoetan jolastoki inklusiboak sortzeko

2022-07-07

  • Udalei zuzendua da deialdi berria, euren titulartasuneko eskola-instalazioetan jolastoki inklusiboak sortzeko lanak egin ditzaten
  • Hezkuntza Sailak finantzatuko du jolastoki inklusiboak sortzeko lanen aurrekontuaren % 90
  • Deialdi hau Hezkuntza Sailak urtero deitzen duen Udalaguntza deialdiaren osagarria da

Hezkuntza Sailak dirulaguntza-deialdi berria jarri du abian Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetarako, udalen jabetzakoak diren eraikinetan jolastokiak sortzeko eta zaharberritzeko lanak finantzatzeko. Azken batean, aipatutako ikastetxeetan jolastoki inklusiboak sortzea sustatzen duen deialdi bat da.

Laguntza berri hauek deitzen dituen Aginduak 7 milioi euroko zenbatekoa du orotara, eta Gobernu Kontseiluaren azken bileran onartu da, asteartean, uztailaren 5ean. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak udal-titulartasuneko instalazioetan daude kokatuta, eta laguntza hauek, beraz, euren jabetzako eskola-eraikinetako jolastokiak sortzeko edo horietan hobekuntzak egiteko obra-proposamenak aurkezten dituzten Euskadiko udalei zuzenduta daude.

Obra horiek gauzatzeko, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak Balorazio Batzordeak onartutako aurrekontuaren % 90 hartuko du bere gain. Gainerako % 10aren kargu obra-proiektua aurkezten duen udala egingo da. Eskaera bakoitzari emandako kopurua ezin izango da 87.120 eurotik gorakoa izan, BEZ barne (72.000 euro + BEZ). Laguntza hauen onuraduna izateko, obrak 2021eko urtarrilaren 1a baino beranduago hasi eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira.

Jolastoki inklusiboak

Deialdi hau Hezkuntza Sailaren II Hezkidetza-planarekin lerrokaturik egiten da (“EAEko Hezkuntza Sistemarako II Hezikidetza-plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean”). Plan honek, bere gidalerroetan eta oinarrizko zutarrietan, baliabideen eta espazioen erabilera ekitatiboa bultzatzeren aldeko apustua egiten du; izan ere, espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolakuntzak ere garrantzizko eginkizuna betetzen dute balioen eta arau sozialen transmisioan.

Aipatutako planak arreta berezia eskaintzen die, beste hainbat alderdiren artean, jolastokiei. Beste era bateko jolastokiak diseinatzea eskatzen du, jolaserako espazio horiek beste era batera antolatzea. Azken batean jolastoki inklusiboak sortzea, gune horietako jarduerak eta espazioen banaketa berdintasunezko harremanak errazteko eta erabilera ekitatiboa izateko diseinatuta egon daitezen. Hezkidetzako eremuak sortu nahi dira, elkarbizitza nagusitzeko aukera emango duten jolastokiak, sexua, adina, orientazio sexuala, gaitasuna eta genero-adierazpena alde batera utzita.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ildo horretan eta hezkidetza-helburu horrekin garatuko diren jarduketak finantzatuko ditu.

Udalaguntza deialdiaren osagarri

Jolastoki Inklusiboak sortzeko deialdi berria Hezkuntza Sailak urtero egiten duen Udalaguntza deialdiaren osagarria da. Udalaguntza deialdiaren bidez, udalek ikastetxeetako instalazioetan egiten dituzten hobekuntza eta eguneratze lanak (teilatuak berritzea, irisgarritasunerako lanak, instalazioak hobetzea, kanpoko arotzeria ordezkatzea…) finantzatzen ditu Hezkuntza Sailak.

Berez, Udalaguntza deialdiaren barruan jolastokietarako aurreikusitako jarduketak bereizi izanaren ondorioz sortu da deialdi berria. Jolastokietan eta eremu irekietan egingo diren jarduketak Udalaguntza deialditik atera dira eta deialdi berri honen bidez finantzatuko dira.

Udalek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.