Hezkuntza Sailak 312.000 euro bideratu ditu Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetako irakasleen prestakuntza ikastaroetarako (Gobernu Bilera 2022-5-24)

fotoconsejo.jpg

2022-05-24

 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeetan irakasleentzat burutzen dituzten prestakuntza-jarduerak diruz laguntzen dituen Agindua. Prestakuntza-jarduera horiek 2022-2023 ikasturtean burutuak izan beharko dute.

Deialdi honek 312.640 euroko diru kopurua du. Emandako laguntza ezin izango da 110 eurotik gorakoa izan eskainitako prestakuntza-ordu bakoitzeko. Laguntza hauek eskatzeko interesa duten ikastetxeek, eskaintzen dituzten heziketa-zikloekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak aurkeztu beharko dituzte deialdira. Prestakuntza-jarduera bakoitzak gutxienik 10 orduko iraupena izan beharko du, eta 35 ordukoa gehienez. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute ofizialki Euskadin Lanbide Heziketako zikloak emateko baimena duten itunpeko ikastetxe pribatuek.

Hurrengo ikasturterako, digitalizazioaren eta iraunkortasunaren arloetara bideratutako prestakuntza-jarduerak sustatuko dira lehentasunez. Baina baita honako arlo hauekin loturiko jarduerak ere: lanbide-espezializazioko programak ematea; lanbide-orientazioa; metodologia aktibo-kolaboratiboak aplikatzea prestakuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan; teknologia aurreratuak erabiltzea prozesu horietan eta edozein espezialitatetako irakasleen artean ekintzailetzaren kultura indartzen duten ekintzak; edo STEAM kultura. Beraz, irakasleek irakasgai horietako batean dituzten gaitasunak hobetzen laguntzen duten prestakuntza-ekintzek puntuazio handiagoa izango dute eskabideak baloratzean.

Honako gastu hauek ordaintzeko erabili beharko dira deialdi honen bidez jasotako laguntzak: ikastetxez kanpoko adituak kontratatzeak eragindako gastuak, edo prestakuntza-jardueretarako berariaz eskuratutako materialen gastuak ordaintzeko. Jasotako dirulaguntzak bateraezinak izango dira helburu berbera duten beste deialdi batzuetatik jasotako laguntzekin.