Hezkuntza Sailak 3,9 milioi euro bideratu ditu unibertsitate eremuan digitalizazio, Unibertsitatea+Hezkuntza eta osasun ikasketetako programak finantzatzeko (Gobernu Bilera 2022-12-07)

logoconsejo.jpg

2022-12-07

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran adostu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, zuzeneko dirulaguntza bana ematea UPV/EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Laguntza hauek, lehentasunezko hiru eremu hauetako programak eta ekintzak finantzatzera bideratuko dira: eraldaketa digitala unibertsitatean; Unibertsitatea+Hezkuntza proiektuak eta osasun-ikasketetako programak. 

Hiru dirulaguntza hauen batura 3.934.121 eurokoa da, eta honela banatzen dira hiru unibertsitateen artean: 

  • UPV/EHU: 2.920.351 euro
  • Deustuko Unibertsitatea: 721.346 euro
  • Mondragon Unibertsitatea: 292.424 euro

Hezkuntza Sailak beharrezkotzat jotzen du 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planetik harago ere ekintza osagarriak sustatzea, baldin eta ekintza horiek garatzeak eragin nabarmena badu euskal gizartearen lehentasunetan, honako hiru jarduera-ildo hauetan: 

  • Unibertsitateen eraldaketa digitala
  • Hezkuntza arloko ikerketa bultzatzea hezkuntza-sisteman, ikerketa aplikatua eta bikaintasunekoa sendotuz, unibertsitate aurreko euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan arituz, eta unibertsitatearen eta euskal hezkuntza-sistemako lan profesionalaren arteko harremana are gehiago estutuz.
  • Osagai birtuala duten eta osasun-zientziekin eta, bereziki, medikuntzarekin eta erizaintzarekin lotutako ikasketetan prestakuntza indartzea, ikuspegi berritzaile batetik. 

Digitalizazioa

Laguntza hauen bidez, Hezkuntza Sailaren Eraldaketa Digitalerako Planean jasotako helburuen eta esku-hartze arloen garapena bultzatu nahi da, “Unibertsitate Ekosistema” izeneko atalean: gaikuntza eta plangintza digital integrala bultzatuz; Unibertsitate-Ekosistema azpiegitura eta euskarri digitalez hornituz; eta bikaintasun-ikerketa maximizatzera eta emaitzak zabaltzera bideratutako eraldaketa digitaleko prozesuak indartuz. 

Hezkuntza arloko ikerketa

Unibertsitatea+Hezkuntza proiektuen bidez hezkuntza arloko ikerketa bultzatzeari buruzko atal honetan, dirulaguntza hauen bidez honako hau bultzatu nahi da: ikerketa aplikatuko eta lankidetzazko bikaintasuneko proiektuak diseinatu, garatu eta abian jartzea. Hona hemen ikerketa-ildoak:

  • Digitalizazioa: metodologia eta gaitasun tekno-pedagogikoak, eta ingurune digitalaren eta ingurune presentzialaren integrazioa
  • STEAM proiektuak: ikasleen artean STEAM esparruetako gaitasun zientifiko-teknologikoak barneratzea eta jarrerak bereganatzea
  • Kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta: metodologiak eta hizkuntza-gaitasunak ingurune inklusiboetan

Osasun ikasketak, ikuspegi berritzailez

Eremu honetan, ospitale birtualak edo ospitale birtual horiei lotutako prestakuntza-proiektu berritzaileak hornitzera edo indartzera bideratzen dira ekintzak. Ospitale birtual horiek kalitatezko irakaskuntza birtuala sustatzen dute, eta eragin handia dute ikasleen etorkizuneko lanbide-jardunean edo osasun-arloko profesionalek unibertsitatean jasotako etengabeko prestakuntzan.