Hezkuntza sailak 1,3 milioi euro bideratu ditu Oinarrizko Ikaeketako edota Ikerketa Aplikatuko proiektuetarako, eta Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako (Gobernu Kontseilua 2022-08-30)

fotoconsejo.jpg

2022-08-30

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, bikaintasunezko ikerketaren arloko agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu honen bidez, batetik, oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuak 2023-2025 aldian gauzatzeko dirulaguntzak deitzen dira; baina baita, bestetik, ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzak ere, unibertsitatearen eta enpresaren artean 2023-2024 aldian egin beharreko jarduerak gauzatzeko aurreikusitako fondoen kontura. Deialdi honek 1.300.000 euroko zenbatekoa du orotara.

Bi helburu nagusi ditu deialdi honek: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza sistema indartzea, Hezkuntza Sailak kudeatuko dituen oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatuko proiektu konkretuak gauzatzeko laguntzak emanez. Eta, bestetik, unibertsitateko eta teknologiako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-sareko enpresen artean egon beharreko interakzioa sendotzea, kalitateko eta interes zientifiko eta teknologikoko ikerketa aplikatuko edo teknologikoko proiektuak egitearen bidez. Enpresentzat interesgarri gertatu beharko duten proiektu horiek, ondoriotzat izan beharko dute teknologia unibertsitatetik enpresara transferitzea edo prozesu zein produktuen mailan helburu berritzaileak lortzea.

Beraz, deialdi honen bidez ikerketa-proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak bi lerrotan ematen dira:

-Dirulaguntza lerro bat, 950.000 euroko kopurua duena, 2023-2025 aldian oinarrizko ikerketa edota ikerketa aplikatuko proiektuetarako. Dirulaguntza horiek, halaber, bi modalitate dituzte: lehena, oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuak organismo bakar batean gauzatzen sustatzera bideratutakoa; eta organismo desberdinetako ikerketa-taldeak proiektu berean aritzea sustatuko duena, bigarrena.

-Beste dirulaguntza lerro bat, 350.000 euroko kopurua duena, ezagutza unibertsitatetik enpresetara transferitzeko ikerketa-proiektuetarako, enpresa horien intereseko diren arloetan, 2023-2024 aldirako. Unibertsitate-taldeak gauzatu beharko ditu proiektuak, enpresako pertsonalaren parte-hartzearekin; laguntzen duten erakundeetako ikertzaileek ere izango dute parte hartzeko aukera. Bigarren lerro honetan, parte hartzen duten enpresek proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute gutxienez.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile gisa erregistratuta dauden ikerketa-entitateak, hala nola: Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak (BERC), Euskadiko unibertsitate publikoko (UPV/EHU) nahiz pribatuetako ikerketa taldeak; Teknologia Zentroak; eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC).

Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren kontzeptuen artean daude: doktore ez den pertsonalaren gastuak, doktoreen gastuak, inbentarioko materiala, material suntsikorra, edo proiektuaren garapenak eskatuta egin behar izan diren bidaien gastuak.