Hezkuntza Sailak 1.170.777 euro bideratu ditu itunpeko irakaskuntzako sindikatuetako 18 liberatu finantzatzeko (Gobernu Bilera 2022-12-27)

logoconsejo.jpg

2022-12-27

Gobernu Kontseiluak gaurko bilkuran baimendu du itunpeko ikastetxeetako sindikatuetako 18 liberaturen kostua finantzatzea, 2022-2023 ikasturteari dagokiona. 1.170.777 euroko diru-kopurua eskatzen du finantzazio horrek. 

Hezkuntza Administrazioak bere gain hartzen du finantzazio hau 2004ko azaroaren 19ko dataz Hezkuntza Sailak sindikatuekin eta sektoreko patronalekin sinatutako akordioei jarraiki. 

Aipaturiko akordio horietan jasotzen denez, Administrazioak urtero finantzatuko ditu Euskadiko Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetako Lan Hitzarmenaren eremuko 12 liberatu sindikal, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Ikastolen Lan Hitzarmeneko beste 6 liberatu sindikal. 

Irakasleak erabateko arduraldian sindikatuko zereginetan aritu daitezen liberatzeak duen kostua finantzatzeko xedea du 1.170.777 euroko kopuru horrek. Horietatik, 408.020 euro 2022ko iraila-abendua aldiari dagozkio, eta gainerako 762.757 euroekin 2023ko urtarrila-abuztua epea finantzatzen da.