Gotzone Sagardui: "Lehen Arretan lan egin nahi duenak, Osakidetzako ateak irekita ditu"

2022-06-22

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui elkarrizketatu dute, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan. Bertan, ziurtatu du Lehen Arretan lan egin nahi duenak orok, Osakidetzako ateak irekita dituela, “Osakidetzak gertutasunezko eta aurrez aurreko Lehen Arreta eredua bermatu nahi baitu”.

Lehen Arretako profesional faltari aurre egiteko, besteak beste, kontratazioak egiten jarraitu dela eta martxan dauden Lan Eskaintza Publikoetan Lehen Arretako plazak lehenetsi direla nabarmendu du. Halaber, profesional hauek erakartzeko eta asistentzia integralagoa eskaintzeko helburuarekin hainbat neurri hartu direla azaldu du: lantalde eredua bultzatu, burokratizazioa  murriztu edo teknologia berrien inplantazioa.

Bestalde, elkarrizketan, mobilizazioen inguruan galdetuta, Osasun sailburuak adierazi du mobilizazioak egitearen atzean murrizketa, pribatizazio edo Osakidetza desegiteko plan baten aurka egitea badago, hori ez dela egia azpimarratu du. “Euskadin ez dago horrelakorik”, esan du. Gotzone Sagarduik onartu du egoera ez dela erreza, baina horri aurre egiteko bidea elkarrizketa dela nabarmendu du.

PANDEMIA

Pandemiaren bilakaeraren inguruan, sailburuak azaldu du azken asteetan eragina handiagoa izaten ari dela, eta ospitaleratzeetan ere nabaritzen dela hau. Bilakaera honen arrazoia Omicron aldaeraren kutsakortasun maila eta norberak geure buruari ezartzen dizkiogun prebentzio-neurriak gero eta malguagoak direla izan daitezkeela adierazi du. Horrela, prebentzio neurriak mantentzen jarraitzeko deia egin du, “zuhurtzia mantendu behar da”.

Errefortzu txertoaren inguruan, Sagardui sailburuak azaldu du, momentu honetan, Osasun Publikoko Batzordea eta Txertoen Batzordea aukera aztertzen ari direla eta, seguruenik, uda ondoren arte ez dugula erabakiaren berri jakingo gaineratu du. “Erabakia hartzen denean Osakidetza prest egongo da beharrezko txerto guztiak jartzeko”, esan du.

EUTANASIA

Eutanasia arautzen duen Legea indarrean sartu zenetik, duela urte bat bete denean, Osasun sailburuak azpimarratu du Euskadin legea azkar, eraginkortasunez eta modu eredugarrian jarri dela martxan, bai eskatzaileentzat, bai profesionalentzat. “Urrats handia eman dugu, hala erabakitzen dutenentzat, beharrezkoa ez den mina eta sufrimendua saihesteko”, gaineratu du. Euskadin 71 eskaera jaso dira guztira, eta horietatik 25 pertsonari bermatu zaie hiltzeko laguntza medikoa

TXIMINO BAZTANGA

Tximino Baztangari dagokionez, Gotzone Sagardui adierazi du Euskadin ez dagoela kasu berririk. “Egin den jarraipen zehatzari esker kutsadura katea moztea lortu dela dirudi”, esan du.