Gogobetetasuna euskal ordezkaritzak Barnahus eredua in situ ezagutzeko Danimarkara egin duen bisitaren ondoren

2022-06-23

Danimarkako Naestved herria eta adingabeen sexu-abusuen biktimei arreta emateko Barnahus eredua bi egunez bisitatu dituzten hogei bat profesionalek oso positibotzat jo dute bisita, hurbiletik ezagutu ahal izan dutelako horrelako baliabideen benetako funtzionamendua.

“Bidaia honen balantzea guztiz ona da. Danimarkako Barnahus bat nolakoa den eta, batez ere, nola funtzionatzen duen barrutik ikusteko aukera izan dugu. Eta inplikatutako pertsonen zuzeneko informazioarekin egin dugu: Barnahuseko langileak, fiskalak, poliziak… Oso oso hezigarria”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Beatriz Artolazabal sailburuak.

Sailburuak gaineratu duenez “Europako iparraldeko herrialdeei begiratzen diegu beti biktimen arretaren arloan jarraitu beharreko adibide gisa, baina bidaia honetan egiaztatu dugu gure baliabideak, gure antolakuntza eta langileak oso antzeko mailan daudela. Hori da, hain zuzen, Barnahus urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran Euskadin errealitate bihurtzeko jarraituko dugun bidea”.