Gobernu Kontseiluak Osakidetzari 318 milioi euro esleitzea adostu du, 27.000 langile baino gehiagoren lanbide-garapeneko aparteko deialdi-prozesua hasteko (Gobernu Bilera 2022-5-10)

fotoconsejo.jpg

2022-05-10

  • Finantzaketa onartuta, Eusko Jaurlaritzak jarraitzen du urratsak ematen, Osakidetzaren eta LAB, CC.OO eta UGT sindikatu-erakundeen artean Mahai Sektorialean hartutako aurreakordioa betetzeko
  • Osakidetzako 27.000 enplegatu baino gehiago izango dira 318 milioi euroren ordainketaren onuradun, profesional bakoitzaren karreraren garapenaren arabera; kopuru hori urtea amaitu aurretik ordainduko da 

Gobernu Kontseiluak baimena eman du beste 318.407.760,00 euroren zuzkidurarako, Osakidetzari lanbide-garapenaren aparteko deialdiaren ondoriozko gastuak finantzatzeko. Finantzaketa onartu ondoren, Osakidetzak ahalik eta lasterren irekiko du aparteko deialdia, eta atzeraeraginezko ondorioak izango ditu 2019, 2020 eta 2021 ekitaldietara, eta 2022ari dagokion deialdia egingo du. Beste urrats bat gehiago da Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako Mahai Sektorialeko LAB, CC.OO. eta UGT zentral sindikalekin adostutako konpromisoak betetzeko.

Gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran, kreditu globalaren zabalkuntza onartu da, diruzaintzako gerakinen kargura, Osasun Sailari kreditua zuzkitzeko Osakidetza finantzatzeko, eta hark deialdi-prozesuarekin jarraitu ahal izateko. Osakidetza deialdi-prozesua prestatzen amaitzen ari da, profesionalen eskaerei ahalik eta lasterren erantzuteko. Ordainketa urtea amaitu aurretik egingo da.

Gai hori, deialdiaren prozesuarena, sindikatuak bertaratu ez diren azken bilerotan Mahai Sektorialari helarazitako gaietako bat da. Bertaratu ez badira ere, Eusko Jaurlaritzak jarraitu du urratsak ematen, foro horretan lortutako akordioa betetzeko.  Gobernu Kontseiluan 318 milioi euro baino gehiagoko zenbatekoa onartu izanak Jaurlaritza akordioa betetzen ari dela eta elkarrizketarako eta akordiorako jarrera duela erakusten du.

LANBIDE-GARAPENA

Lanbide-garapena banakako aitorpena da, eta Osakidetzako enplegatuen lanbide-ibilbidea balioesteko aukera ematen du. Hura kontuan hartuta, plus ekonomiko batzuk ezartzen dira, eta, haien bidez, profesionalak haien eginkizunean sustatzea da helburua; horrek aukera ematen du, modu paraleloan, herritarrei ematen zaien asistentzia-kalitatea ere hobetzeko.