Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa arautzen duen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2022-1-11)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 23. artikuluak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroaren sorreran jasotzen du “kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta immaterialak babesteko eta kudeatzeko tresna gisa” eta “bertan, deklarazioa jaso duten babes bereziko eta ertaineko ondasunak” inskribatuko dirala azpimarratzen du. Horrela, gaur egindako Gobernu Kontseiluak Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen dekretua onartu du, zeinaren kudeaketa kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari baitagokio.

Erregistroan babes berezikotzat deklaratutako kultura-ondasun higiezinak, higigarriak eta inmaterialak eta babes ertainekotzat deklaratutako ondasun higiezin eta higigarriak inskribatuko dira eta inskripzio horiek, gutxienez, puntu hauek jaso beharko dituzte:

  • Izena eta identifikazio-kodea.
  • Ondasunaren deskribapen argia eta zehatza.
  • Zein egunetan deklaratu zen kultura-ondasun, eta zein egunetan argitaratu zen ebazpena aldizkari ofizialetan, berariaz adierazita kultura-ondare higiezin, higigarri edo immaterialaren ze babes-kategoria duen.
  • Jabeen identifikazioa eta harremanetarako datuak, eta, hala dagokionean, ondasunen gaineko edozein eskubide errealen edukitzaile eta titularrena, adieraziz zein tituluren arabera dituzten.
  • Ondasun higiezinen kasuan, Jabetza Erregistroak emandako datuak eta jakinarazpen-data.
  • Ondasun immaterialen kasuan, kontuan hartuko dira Kultura Ondasun Immaterialen EAEko Inbentarioan jasotako datuak.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroa sortzeak ondasunen titularren eta administrazio publikoen arteko komunikazioa ere arautzen du. Horrela, erregistroan inskribatutako ondasunen titularrek, foru-aldundiek eta udalek Eusko Jaurlaritzako sail eskudunari jakinaraziko dizkiote inskribatutako ondasunei eragiten dieten esku-hartzeak, administrazio-egintzak, jarduketak edo inguruabarrak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak sei hilean behin jakinaraziko die foru-aldundiei bere lurraldeari dagozkion Erregistroan inskribatutako ondasun higigarrietan izandako aldaketak.

Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistrorako sarbidea publikoa izango da, honako alderdi hauen arabera babestu behar diren informazioei dagokienez izan ezik:

  • Segurtasuna eta ordena publikoa.
  • Pertsonen bizitza pribatua eta intimitatea; kasu horretan, aipatutako datuak pertsona jakin horientzat daude erreserbatuta.
  • Legeak babestutako sekretu komertzial eta zientifikoak.
  • Kultura-ondarearen eskumena duen zuzendaritzak irizten dionean irizpide horrek arriskua eragin dezakeela erregistratutako ondasunen segurtasunean.

Dekretua indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epea egongo da Kalifikatutako Ondasunen Erregistroan eta Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean orain arte egindako inskripzioen eta idazpenen edukia gaur onartutako dekretuan ezarritakora egokitzeko.