Gobernu Kontseiluak 354.000 euroko deialdia onartu du kultur-sormena bultzatzeko

2022-01-18

  • Euskadiko Klusterrekin lankidetzan aritzeko protokoloa, enplegurako eta gizarteratzeko berrikuntzaren arloan

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza sailburuak jakitera eman du gaurko Gobernu Kontseiluak 2022ko kultura-arloko sorkuntza lanetarako diru-laguntzen deialdia onartu duela. Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren helburua sorkuntza sektorea finkatzen laguntzea da eta hori dela eta 354.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lan eta emplegu arloan, Gobernu Kontseiluak Euskadiko klusterrekin jarduteko protokolo orokor bat egitea onartu du, prospekzio, prestakuntza, enplegurako berrikuntza eta gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko. Une honetan gauden hiru trantsizio global handiei eta 2030eko Euskal Enplegu Estrategiari lotuta dago protokolo hori. Zupiriak adierazi duenez, euskal klusterrak posizio pribilegiatuan daude lehiakorra eta berritzailea izan nahi duen produkzio-sare batek behar dituen lanbide-profil egokiak identifikatzerakoan eta beraiek inork baino hobeto ezagutzen dituzte etorkizunean baloratuak izango diren gaitasun eta lanbideak.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak zenbait hitzarmen aktibatzea onartu du euskal merkataritza-elkarte, -federazio eta -ganberekin, lehiakortasuna hobetzeko eta retailaren sektorea bultzatzeko programak antolatzeko, eta Euskadiko merkataritza-asoziazionismoa sendotzeko.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita txertaketa-prozesuaren ingurukoak ere.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena